• 05
    UZT

    Hiru urte atzera Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak martxan jarri zuen proiektu pilotuaren aurka azaldu da bertako euskalgintza. Eredu horrek ez duela ikastetxeek ikasle euskaldunak heztea bermatzen salatu dute euskaltzaleek eta Haurtzaro Ikastolak eredua martxan jartzeko hartutako erabakiaren larritasunaz ohartarazi dute. Arduraz jokatzeko eskaria luzatu diote ikastolako arduradunei.

    Oiartzungo euskaltzaleen bilguneak Hezkuntza Marko Hirueleduna salatu du

    Oiartzungo euskalgintzaren oharra:

    Gaur, hemen, “Hezkuntza marko hirueledunaren” aurkako jarrera azaldu dugu. Izan ere, eredu honek ez du bermatzen ikastetxeek ikasle euskaldunak heztea.

    Orain hiru urte EAE-ko zenbait hezkuntza zentrotan proiektu pilotu gisa martxan jarri zen aipaturiko eredua. Eredu honek euskara, gaztelania eta ingelesa maila berean jartzen ditu. Proiektua saltzen dutenek diote ikasleek hiru hizkuntzetan maila bertsua lor dezaketela hezkuntza eredu honekin. Errealitatean, ordea, euskarak indarra galtzen du erdal hizkuntzen aurrean, hauek gailentzen baitzaizkio. Gure ustez proiektu honen atzean ingelesa indartzeko eta euskara ahultzeko estrategia dago; hala izendatu ez arren B eredura hurbiltzen den eredua dugu “Hiruele”. Gogora dezagun D ereduak ere ez duela ehuneko ehunean euskalduntzen, hortaz, zer esanik ez sasi eredu honek eman ditzakeen emaitzez.

    Arrazoi hauengatik duela hiru urte larritasunez hartu genuen Haurtzaro Ikastola proiektu pilotu honen partaide aktibo izango zela zioen albistea. Honen aurrean Oiartzungo euskalgintza ez zen besoak gurutzaturik geratu. Ikastolako zuzendaritzari gure desadostasuna adierazi genion eta gaia Kontseilu Errektorean lantzea eta proiektutik ateratzea eskatu genion. Gure iritzia presente egotea nahi genuen. Gaurdaino Ttur-tturrek ez du erantzunik jaso Ikastolaren aldetik. Haurtzarok eduki duen jarrera ez zaigu batere zuzena iruditu. Bestalde, uste dugu isiltasunarekin ez dela deus konpontzen.

    Agian herritar batzuk pentsatuko dute Oiartzunen proiektu pilotu honek ez duela halako kalte handirik eragingo, gure haurrek euskaldunak izaten jarraituko dutela. Badakigu euskalduntzeko hainbat faktore daudela eta Oiartzun herri euskalduna dela. Hala ere, hezkuntza eragin-gune handiena dela uste dugu eta hezkuntzako erreformek kalte handiak sor ditzaketela. Eta zer esanik ez hain euskaldunak ez diren herrietan! Horregatik eskatzen diogu Haurtzaro Ikastolari arduraz jokatzeko.

    Euskararen normalkuntzan eta berreskuratzean hezkuntza giltzarri izanik, ezinbestekoa iruditzen zaigu benetan euskalduntzen duten ereduak martxan jartzea. Ez ditugu onartuko euskal herritar analfabetoak sortzen dituzten ereduak, etorkizunean gaur egungo ikasleak izango baitira euskaraz jakin ez eta euskararen kontrako urratsak egingo dituztenak. Horregatik jarraituko dugu halako erabakiak salatzen, isiltasunak plazaratzen eta benetan euskalduntzen duten ereduak defendatzen. Ez gaude eleaniztasunaren aurka eta horregatik babesten dugu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskalgintzaren babesarekin aurkeztu zuen “Euskaldun eleanitzak sortzen proposamena”. Ez ditugu herritar eleanitzak nahi, euskaldun eleanitzak baizik.

    Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak,
    2013ko uztailaren 3an

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.