Beste hamaika eragile zein norbanakok lez, EHEk ere bat egin du larunbatean Tafallan egingo den mobilizazioarekin. Eskola amaitzean “hirutik bakarrak” duela euskararen ezagutza egokia salatu du eragile euskaltzaleak prentsara igorritako oharraren bidez, euskaldunak “bigarren mailako herritar” garela arbuiatzearekin batera. Vascuencearen lege “petrala” txarretsi eta “Eskola euskalduna” eta “hizkuntza politika burujabea” aldarrikatzeko Tafallan egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du.
“Euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidearen alde” manifestazioa egingo da larunbat honetan Tafallan. Bide horretan nafar Gobernuak ezarritako “trabak” salatu nahi dituzte, Vascuencearen legearen ondorio den “zonifikazioarekin” amaitu eta euskaraz bizitzeko eskubidea errespetua oinarri izango duen lege bakarra martxan jar dezatela eskatuz. Horrelaxe jakinarazi zuten azaroaren 28an hainbat esparrutako eragile zein norbanakoren babesean. EHE ere bertan izan zen.
Herri mugimenduko eragile euskaltzalearen irudiko, “euskaldunok herri honetan bizi dugun errealitate krudelaren atal nagusietako bat” eskoletan topatzen da. “Ikasleek euskara ezagutzeko duten eskubidea” ez bermatzeaz gain, derrigorrezko hezkuntza bukatzean bertako hizkuntzaren ezagutza maila egoki bat duten ikasle kopurua “penagarria” izaki: hirutik bakarra. Besteak beste horren ondorioz, euskaldunok “enegarren mailako herritarrak” garela arbuiatu dute, horren frogatzat “euskaraz bizitzeko eta aritzeko” topatzen ditugun “debeku eta jazarpenak” joaz: medikuarenean, poliziekin, epaitegietan, eskoletan…
Nafarroa Garaiko Vascuencearen lege “petraletik” eratorritako “zonifikazioak” areagotu egiten du estratifikazio hori. Alta, “euskalduna bazara zure eskubideak ez dira berdinak izango herrialdeko toki guztietan”; erdalduna bazara, aldiz, “lehen mailako herritarra izango zara herrialde osoan”.
Euskaraz bizitzeko traba horiek gainditze bidean, “ikasle euskaldun eleanitzak euskal curriculumaren baitan heziko dituen eskola euskaldunaren alde” egin eta “Euskal Herri osorako hizkuntza politika burujabea aldarrikatzeko”, larunbatean Tafallan egingo den mobilizazioan parte hartzera deitu ditu herritar eta euskaltzale guztiak. EHEk argi du euskaraz bizi eta ikasteko formula: “Guk, eskola euskalduna!”
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean