• 17
    ABE

    Hainbat eragiletako ordezkariekin batera, jendetza bildu zen Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimenak deitutako manifestazioan. “Euskaraz nonahi eta noiznahi bizi daitezen”, euskarak ofiziala izan behar du Euskal Herri osoan, eta zentzu horretan, zonifikazioa “gainditu” eta Nafarroa Garaian ere ofizialtasunaren bidean lanean jarraituko dutela berretsi zuten bertaratutakoek.

    Euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea aldarrikatu zuen euskaltzale andanak Tafallan

    Hamaika eragile zein norbanakoren babesean Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimenak deituta, euskaltzale andana bildu ziren larunbatean Tafallan (Nafarroa). Eguraldi onaren aitzakian, mobilizazioa alaia eta kolorez jantzia izan zen. Vascuencearen legearen ordain den “zonifikazioarekin” behin betiko amaitu eta “euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea” aldarrikatu zituzten bertaratu ziren herritarrek.

    Esan bezala, jendez mukuru zeuden Tafallako karrikak. Eragile sozial, politiko zein kulturalek beraien babesa esplizitu egitea erabaki eta manifestazioaren buruan ikusi genituen, “Euskaraz bizi eta ikasi herri ekimena. Euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen alde” leloa idatzia zuen pankartaren gibelean. Azpimarratzekoa da Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendari; Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari zein beste zenbait eragile politikotako ordezkarien presentzia.

    Egoerarekin kexu ziren manifestazioko parte hartzaileak. Honela mintzo zen herritar bat: “Agintariek dena lapurtu nahi digute, baita gure hizkuntza ikasteko eskubidea ere. Nafarroa osoan izan beharko genuke euskara ikasteko eskubidea. Ezin diogu utzi Gobernuari nahi duena egiten”. Haserrerako arrazoirik ere ez zaie falta,  Alaitz Gonzalez Euskaraz Bizi eta Ikasi ekimeneko partaideak adierazi zuenez. Bere hitzetan, “eremu ez-euskaldunean eta mistoan bizi direnek “munduan beste inon ezagutzen ez diren mugak” bizi dituzte euskaraz ikasi ahal izateko. Haurrek euskaraz ikas dezaten, kilometro andana egitera kondenatuta daude. Lanean jarraitzeko borondatea argi utzi zuten, zonifikazioa “gainditu” eta bertatik bertara erabakitako eta kanpo esku hartzerik izango ez duten hizkuntza politika burujabeen bidean, euskara Nafarroa zein Euskal Herri osoan ofizial izatea xede, “oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek euskaraz nonahi eta noiznahi bizi daitezen”. Amaierako mezuan esan bezala, nahiz eta erronka "makala" ez izan, badituzte "indarra eta gogoa". Larunbateko argazkia ikusita, baita babesa ere.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.