• 19
    ABE

    Jendetza bildu zen atzo Iruñean Iribasek eta Barcinak D ereduaren kontra abian jarritako kanpainaren aurrean. Eredu horretako irakasleak zelatatu eta edukien legezkotasuna aztertu ostean, makina bat herritarrek beraien ernegua agertu zuten atzo. Argi utzi zuten: euskaldun izateaz “harro” daude eta ez dira makurtuko. Eskola euskaldunaren bidean lanean jarraituko dutela berretsi zuten.

    Iruñeko kaleak mukuru bete ziren atzo eredu euskaldunen defentsan

    Aspaldion euskararen bueltan egin den manifestaziorik jendetsuenetakoa egin zen atzo Iruñean. Antoniuttitik abiatu eta Sarasate pasealekuan bukatu, kolore eta musika izan ziren nagusi pankartaren atzean. Leloa argia: “Manipulaziorik ez! Hezkuntzan kolore guztiak!”. Hainbat eragile sindikal, politiko zein sozialek adierazi zuten beraien atxikimendua.


    D ereduaren aurkako oldarraldiaren erruduntzat Yolanda Barcina eta José Iribas jo zituzten, Nafarroako Gobernuko burua eta Hezkuntza Kontseilaria hurrenez hurren. Izan ere, mobilizazioa agintari hauen erasoei erantzun gisa ulertu behar dugu. Denbora gutxian D eredua kriminalizatzea helburu izan duten bi gertaera entzutetsu eta larri jazo baitira. Kasualitatea, matrikulazio kanpainaren bueltan. Alde batetik, D ereduko makina bat irakasle zelatatu zituztela aitortu zuten, ETArekin harremana izan zezaketelakoan, "dena ETA da"  mamua berriz ere bazter guztietara hedatuz. Duela gutxi, Iribasek zenbait eskola liburu aztertzen ari zela adierazi zuen, legea beteko zutenetz beldur. Manifestazioan zehar, eskola euskaldunaren aldeko aldarrien artean hauen dimisio eskaerak tartekatu ziren.


    Manifestazio amaieran, elebitasuna bermatzen duen bakarra D eredua dela nabarmendu zuten. Aipatu ereduaren euskalduntze tasak ere ez dira ordea erabatekoak. Hizkuntza ereduen sistema makur hau da ondoren euskaldunok euskaraz bizitzeko ditugun ezintasunen iturburuetako bat. Erasoek ereduarekiko engaiamendu “sendotu” egin duela diote: “Gu bai, gu harro gaude D ereduaz. Euskaldunak gara, eta harro gaude!”.  Eredua sustatzearen bidean, aurre-matrikulazio kanpainan “indar handiagoz” parte hartzeko deia luzatu zuten.

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.