• 13
    URT

    Ikastetxe publikoetan hezkuntza eredu ezberdinen arteko bizikidetza sustatzeko helburuarekin Izquierda-Ezkerrak (I-E) Nafar Parlamentuan mozioa aurkeztu ondoren, onartu egin berri da Geroa Bai, PP, UPN eta PSNren babesarekin. EHEk gogor salatu du mozioa, bertan aipatzen den bizikidetza “euskaldunon menpekotasunean eta hizkuntza eskubideen urraketan oinarritutakoa” dela argudiatuz. Bizikidetzarako giltzarri “murgiltze eredua” jo du, “elkar ulertzea eta bizikidetza” posible egiten duen bakarra izaki. Eragile euskaltzaleak argi du: ‘Guk, eskola euskalduna!”.

    Euskaldunon menpekotasunean oinarritutako bizikidetzaren alde egin dute Nafar Parlamentuan
    EHEk eskola euskaldunaren alde iaz egindako ekimena

    Iragan ostegunean, Izquierda-Ezkerrak ikastetxe publikoetan hezkuntza eredu ezberdinen arteko bizikidetza sustatzeko mozioa aurkeztu zuen Nafar Parlamentuan. Bere xedea eredu ezberdinetako ikasleak eraikin berdinean batu eta elkarren arteko ekintzak sustatzea da. Mozioak I-E, Geroa Bai, PP, UPN eta PSNren aldeko bozkekin egin zuen aurrera. EHE, baina, guztiz aurka agertu da.

     

    Eragile euskaltzalearen ustetan, bizikidetzaz “arin” hitz egiten da oso, ikasleen arteko bizikidetza sustatzeko planteatzen diren momentuak eta espazioak “halabeharrez erdaraz” izango baitira. Areago, ikastetxe berean, bizikidetzaren izenean hezkuntza eredu ezberdinak egotea planteatuta, “irakaslegoaren eta ikastetxearen barne funtzionamendua ere erdaraz” izanen da.

     

    Bizikidetza, beraz, “euskaldunon menpekotasunean eta hizkuntza eskubideen urraketan oinarritutakoa” izango da EHEren irudiko, “instituzio nagusienetatik euskara eta bizikidetzaz mintzo diren aldiro gertatzen den gisara”.

     

    EHEk ohartarazi duenez, “mozio honekin hamar urte atzera egiteko arriskua dago”, urteetan murgiltze ereduaren alde guraso, irakasle, herritar askoren lanari esker lortutako aurrerapausoak “kolokan” jarriz. Gisako neurriak hartzen egiten duten hastapeneko aldia ez den arren, oraingoan “abertzale eta euskaltzale bezala  definitzen direnen babesarekin” egin dutela salatu du.

     

    Bizikidetzaz mintzatzeko “murgiltze ereduaz” hitz egin behar dugu ezinbestean, eredu hori baita “ikasle euskaldun elebidun/eleanitzak sortzen dituen, eta zentzu horretan elkar ulertzea eta bizikidetza posible egiten dituen eredu bakarra”.

     

    Mozioaren onarpena “Nafar Gobernuak euskal ereduen aurkako bere aspaldiko jarreran urrats latzak eman berritan” kokatu du.

     

    Azkenik, ‘Guk, eskola euskalduna!’ aldarrikatzen jarraituko dutela adierazi du, “euskararen ezagutza bermatu eta ikasle euskaldun eleanitzak sortu” eta era berean, “gure herrian oinarriturik Euskal Curriculum-a garatuko duen” eskola eredua helburu.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.