• 21
    URT
    Seaskako ikasleek Parisera eramango dute Baxoa euskaraz egiteko aldarria

    Seaskako Etxepare lizeoko ikasleen borrokak aurrera darrai. Ikasturte hasieran abian jarritako presio dinamikaren bidetik, baxoa euskaraz egiteko duten eskubidea bete dadin, “ekintza sinbolikoa” egingo dute otsailaren 28an Parisen. Eskola euskaldunaren bidean irabazi beharreko borroka da hau zalantza izpirik gabe.

    Otsailaren 28an “ekintza sinboliko” bat egingo dute Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek Parisen, eta Seaskako langile, irakasle eta gurasoak zein euskal herritar oro mobilizazioan parte hartzera deitu dute. Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatuko dute beste behin, eta autobusak antolatuko dituzte bertara joateko.

    Ikasleek gogorarazi dute haien borrokari esker lortu dutela Historia-Geografia eta Matematika azterketak euskaraz egin ahal izatea, eta ohartarazi dute soilik borrokaren bidez erdietsi litekeela baxoko azterketa guztiak euskaraz egitea. Bestetik, Frantziako Gobernuari eta Hezkuntza ministroari koherentziaz jokatzeko eskatu diete, ikasketa prozesu osoa euskaraz egin ostean baxoa frantsesez egitera behartuta egotea eskubide urraketa bat dela uste baitute.

    Ikasturte hasieran presio dinamika bat abiarazi zuten ikasleek; egunero-egunero gutun bat bidaltzen diote Frantziako Hezkuntza ministroari ikasle batek eskuz idatzita eta sinatuta. Erantzunik jasotzen ez dutela ikusita, Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatariekin biltzen hasi dira, eta dagoeneko alderdi sozialistako parlamentari baten babesa ere lortu dute. Bide beretik, izenpetze kanpaina bat ere jarri dute martxan, jendarte zein politika eragileek haien aldarrikapenarekin bat egin dezaten.

     

    (topatu.info-tik hartutako albistea)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.