• 04
    OTS

    Eraso eta mobilizazioz jositako urtea izan da aurtengoa ikastolentzat. Azken traba, Hendaiako ikastolak jasandakoa. Horren aurrean, hainbat irakasle, guraso eta euskaltzale kalera atera ziren joan den larunbatean, ikastolentzako lege bat aldarrikatuz. Argi utzi zuten: “Ez diegu utziko ikastolak suntsi ditzaten. Ez diegu utziko euskara ito dezaten”. Eskola euskalduna helburu, Baxoa Euskarazek deituta otsailaren 28an dugu hurrengo hitzordua.

    Legea eskuan, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako ikastolen %90 jomugan daude

    Suprefetak Hendaiako Herriko Etxearen kontra ezarritako auzia irabazi egin du. Herriko etxeek Hendaiako ikastola berriaren alde egindako hautua deuseztatu egin du Paueko administrazio auzitegiak beraz. Seaskako zuzendaria den Hur Gorostiagak azaldu duenez: «Horrek erran nahi du Hendaian ez dugula gehiago soluziorik. Blokatu digute genuen soluzio bakarra». 1850 urteko Falloux legea indarrean den bitartean soluzioa ezinezkotzat jo du. Ernegaturik, Baiona Suprefetaren aurrean laurehun bat lagun bildu ziren larunbatean. “Kasu! Ikastolak kexu!” zioten ozen asko.


    Ikastolen aurkako jazarpen uholdearen aurrean, ez dutela etsiko argi utzi zuten. Paxkal Indo Seaskako presidentearen hitzek horixe adierazten zuten: «Estatuko ordezkariei argiki erraten diegu ez daitezela bide itsu batean sar. Ez diegu utziko ikastolak suntsi ditzaten. Ez diegu utziko euskara ito dezaten. Aitzineko belaunaldiek egin zuten bezala, gu ere prest gara euskararendako dena emateko». Uztaritzeko ikastolako guraso den Philippe Haira kezkatuta ageri zen: «Egoera zinez larritzen ari da. Ez dakigu noraino joan nahi duten. Zertarako ere ez dakigu. Ez dugu sobera ulertzen. Baina ez ditugu egiten utziko». Arantxa Eiherabide Itsasuko ikastolako presidenteak eman zituen kezkatzeko nahiko motibo: «Ez gara gure eraikuntzaz jabe. Beraz, erabakitzen badute merkatuaren prezioan ordaindu behar dugula, ezin izanen gara eraikuntza berri horretan egon». «Zuen hiruko santutik nahiz eta ez dugun nahi fraternité, bermatu behar dizkiguzue libérté eta égalité», eskatu zuen, azkenik, Sustrai Colina bertsolariak, Seaskaren izenean.


    Honakoa ez da Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako ikastolen aurkako estreinako erasoa. Oztopoak eta mobilizazioak eguneroko ogi izan baitira azken urte osoan zehar. Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolen auziak izan dira kasurik sonatuenak. Iazko urtarrilean, Ikastola berria egiteko diru publikoa ezin dela baliatu jakinarazi zien Baionako suprefetak Seaskari eta Hendaiako Herriko Etxeari. Orduaz geroztikoak dira Hendaian eta Baionan egindako manifestazioak edota Alderdi Sozialistak Baionan duen egoitzaren okupazioa. Azken erasoa, hemen albiste duguna. Beskoitzeko ikastolari dagokionean, berriz, irailaren 2an jakinarazi zion suprefetak bertako Herriko Etxeari Ikastolari lurrik ezin diola alokatu. Urrian, Suprefetura aitzinean etzan ziren Seaskako 70 bat kide, ikastolen heriotza irudikatzeko. Abenduaren 28an, berriz, Manifesta egin zuten ikastolen aurkako erasoa salatzeko. Ez dezagun ahantzi, legea eskuan, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako ikastolen %90a jomugan daudela.


    Frantziako Estatu jakobinoak indartu egin du euskalduntasunaren aztarna duen ororen aurkako gurutzada. Eta nola ez, herri euskaldunaren hauspo diren ikastolen kontrakoa. Karriketan dugu guda frontea. Hurrengo zita, eskola euskaldunaren bidean, otsailaren 28an dugu Parisen Baxoa Euskarazen eskutik.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.