• 12
    OTS

    Izquierda-Ezkerra koalizioak bultzatuta, euskaldunon menpekotasunean oinarritutako elkarbizitzaren alde egin zuen Nafarroako Parlamentuak. Ikastetxeetan eredu ezberdinetako ikasleek batera jardutea adostu zuten. Eredu ezberdinetako ikasleen arteko elkarbizitza halabeharrez gazteleraz izango dela iritzita, ekimena egin zuen atzo EHEk neurri honen bultzatzaile izan den koalizioaren egoitzaren atarian. Izquierda-Ezkerrak murgiltzen ereduaren kontra egin duela gaitzetsi eta iruzurra begibistan uzten duen galdera bota zuten: “"Euskaraz dakienaren eta ez dakienaren arteko 'bizikidetza' zein hizkuntzatan izango da?". Euskaldunon menpekotasuna gainditzeko, euskal curriculumaren baitan ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen eskola euskalduna aldarrikatu zuen EHEk.

    EHEk eskola euskalduna aldarrikatu du euskaldunon menpekotasunean oinarritutako elkarbizitzaren aurrean

    Iragan urtarrilaren 9ko Nafar Parlamentuko osoko bilkuran hizkuntza eredu ezberdinetako ikasleen arteko elkarbizitza sustatzeko neurriak hartzea eskatu zuen Izquierda-Ezkerra koalizioak. Egun ikastetxe ezberdinetan ematen diren ereduak ikastetxe berean kokatzea eskatzen zuen ebazpenak aurrera egin zuen Izquierda-Ezkerra, UPN, PPN, PSN eta Geroa Baiko hautetsien babesarekin.

    Ebazpen horren ondorioz jada aski urriak diren euskararen arnasguneak murriztu eta sustatu nahi ei den ustezko elkarbizitza hori halabeharrez gazteleraz izango dela ulertuta, EHEk ekimena egin zuen atzo eguerdian. Finean, iniziatiba parlamentarioaren bultzatzaile izan den koalizioa osatzen duten alderdien egoitzetako atarietan panel batzuk jarri eta ebazpenaren inguruko irakurketa jasotzen zituen esku-orriak banatu zituzten "Guk, eskola euskalduna!" lelodun petoa zeramaten EHEko dozena erdi kidek. Aipatu paneletan bi mezu ageri ziren: "Izquierda-Ezkerrak murgiltze eredua indargabetzen du" eta "Euskaraz dakienaren eta ez dakienaren arteko 'bizikidetza' zein hizkuntzatan izango da?".

    Ekimen honen bidez ikasleak euskal curriculumaren baitan eta euskaldun eleanitz gisara heziko dituen eskola euskaldunaren alde egin nahi izan da eragile euskaltzaletik.