Euskara ardatz izango ei du Jaurlaritzaren hezkuntza planak. Hori dio aurkeztu berri duen planaren oinarri pedagogikoak. “Sistema elaniztun bat” bultzatuko du, nahiz ereduekin jarraituz. Aipatu sistema egungo eredu hiruelekoa bada, argi dago behintzat horrek ez duela euskalduntzen. Kritika ugari jaso ditu egitasmoak, besteak beste, LOMCEri aurre egiteko balio ez duelako eta eragile sozial, sindikal eta euskaltzaleei parte hartzeko aukerarik eskaini ez zaielako.
Heziberri 2020 planaren oinarri pedagokioaren berri eman du Jaurlaritzak. Hainbat esparru ukitzen ditu egitasmak eta euskal hezkuntza lege bat egiteko oinarriak finkatzea da helburua, nahiz legealdi honetan onartzeko asitirik izango ez duten. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, “ez da LOMCEren aurkako tresna bat”, egungoa hobetzeko plana baizik.
Uriartek euskara jo du proiektuaren ardatz. Horren bidean “sistema eleaniztun bat” aipatu du, nahiz euskara bigarren mailan uzten duen ereduen sistema ez duen inondik inora zalantzan jartzen. Uriartek maiz esan du lehentasuna duela gurasoek eredua hautatu ahal izateak, nahiz horren ondorioz euskaldunoi euskaraz bizitzeko hautua zapuztu. Nafarroako Parlamentuan onartutako mozioaren bidetik, “askatasunean” oinarritutako elkarbizitza euskaldunon bizkar irudikatzen du Uriarte andereak ere.
Kritika anitzak egin zaizkio proposamenari. Batetik, bai EHBildu, ELA zein LABek LOMCEri aurre egiteko tresna gisa ez duela balio salatu dute. Horrez gain, ikasle talde, sindikatu zein eragile euskaltzaleak proposamenaren osaketa parte hartze hartzeko aukerarik izan ez dutela kritikatu dute.
Proiektua hankamotz jaio da beraz, bai LOMCEri aurre egiteari dagokionean, baita ikasle euskaldun eleanitzak hezteko garaian ere.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean