Bide batez, ikasle euskaldun eleaniztunak proposamena hedatzeko dokumentala aurkeztu dute Kontseiluko hezkuntza eragileek. Honatx Promoa:
Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma indarrean jartzear da. Zirt edo zart egin behar den honetan, eragileak bere posizioa argitzen ari dira aspaldion. Kontseiluan bilduta dauden hezkuntzako eragileek ere halaxe egin dute gaur. Egungo eredua gainditu egin behar dela iritzita, ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen eskola euskaldunaren alde egin dute.
LOMCEk ez du aldaketarik ekarriko Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan egun indarrean den ereduen sisteman. Ikasleak “espainolizatzea” helburu duen hezkuntza erreformarekin kontraesan handirik ez duen seinale. Berau gainditu eta murgiltzen eredu orokortuak jartzeari bidea itxiko dio ordea. Horra hor LOMCEk ezarriko digun traba nagusia.
Izan ere, Kontseiluan bilduta dauden hezkuntzako eragileek adierazi duten bezala, ereduen sistema hankamotz geratu da: "Ez da lortu ikasle guztiak euskalduntzea. Ikerketek agerian utzi duten moduan, gaur egun indarrean dauden ereduetatik bakar batek ere ez ditu ikasleak bere osoan euskalduntzen, nahiz eta D eredua den hortik gertuen dagoena".
LOMCE indarrean jartzear delarik, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena zabaltzeko unea dela diote eragile horiek. "Aurre egiteko modurik egokiena ikasle guztiak euskaldunduko dituen proposamena inplementatzea da, ezbairik gabe. Hau ez da esperimentuetarako unea". Murgiltze eredu orokortua "kohesioa ziurtatzen duen bakarra" dela nabarmendu dute.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean