Auzapezaren jarrera salatu eta murgiltze ereduaren aldeko hautua egin dute hainbat ordezkarik.
Guy Poulou Ziburuko auzapezak ikastola auzitara eramateko bidea hartu du eta horrek ezinegona eta haserrea eragin du guraso, irakasle, hautetsi eta ikastolako ordezkarien artean. Baionako auzitegiak ikastolako ordezkariei arrazoia eman ostean, Pauen, Auzitegi Administratiboan abiatu zuen auzibide berria alkate eskuindarrak. Etzi izango dute auzi saioa.
Ordezkari ezberdinek “harridura” edota ikastola bat ireki nahi izateagatik epaitegietara joan behar izateak eragiten dien “txokea” adierazi dute, auzia “negargarritzat” jotzeaz gain. Auzapezak hitz emandakoa ez duela bete deitoratu dute: “Marinela auzoan bi urte igarota, haurtzaindegian ezarriko zituela erran zuen Poulou auzapezak, eta, errandakoari segida eman beharrean, auzitara bidali ditu ikastolako arduradunak”.
Marinela auzoan den gunetik joateko “aterabideen bila” ari dira, egun eraikin prefabrikatu ttipi batean baitaude: “Ez dago atseden gelarik, eta siesta eta kantina gune berean egiten dira”. Horren aurrean auzapezak ikastola Piarres Larzabal kolegiora mugitzea proposatu du. Maialen Tapia Ziburuko ikastolako irakasleak ohartarazi du lekua eskas dela eta, gainera, «erritmo desberdinak» dituztela nerabeek eta 2-5 urte arteko haurrek. «Ez da bateragarria hain gune txiki batean elkartzea». Horrez gain, Pierres Larzabal kolegioa erdigunetik aparte dagoela nabarmendu dute, erdialdetik urrun izateak euskararen “ghettizazio bat” eragingo bailuke. Erdigunean nahi dituzte, nola ikastola, hala euskara.
Lehenak ekarriko du bigarrena. Izan ere, “gure hizkuntzak gehiago atzera egitea ez badugu nahi” beharrezkoa da Ziburun ikastola izatea. Ezinbesteko tresnatzat jo dute, herritarrak “euskalduntzeko xinaurri lana egiten duena” izaki. Livia Deboto ikastolako gurasoetako bat argi mintzo da: “Murgiltze sistema izan dadin nahi dut, nire alabak euskaraz hitz egin dezan”.
Eskola euskaldunaren defentsan hainbat mobilizazio egin dituzte jada. Euskara existitzen denik ere ukatzen duen Estatu honen pean nahiko lan dute ordea. Bi Estatuak erabat oldarkor dauden honetan, geroz eta nabarmenagoa da marko juridiko propioa baten beharra.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean