• 01
    IRAI
    Ziburuko ikastolaren kontra ebatzi du Paueko epaitegiak
    Paueko administrazio epaitegian auzian aurrez-aurre diren bi aldeak. Argazkia Bob EDME.

    Konstituzioan formalki hala egin ondoren, errealitatean ere euskara zein herri euskalduna desagerrarazi nahi dituzte.

    Ziburuko ikastola kokatzen den Marinelako gunea uzteko zazpi eguneko epea eman du Paueko administrazio epaitegiko epaileak. Areago, data horretatik aurrera gunea uzten ez duten egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaintzera behartuko du epaitegiak.

    Ostiralean aztertu zuten Paueko administrazio epaitegian Ziburuko Herriko Etxearen eta ikastolaren arteko auzia. Epaileak hiru hautu zituen bere deliberoa emateko, hala nola ikastola kanporatu, beste tokiren bat atzemateko epe bat eman, edo Baionan uda hasieran izan zen epaiketan bezala, gai hori bere eskumenetik kanpokoa dela erran eta sakonki aztertu behar dela erabakitzea. Ebazpena dena delakoa izanik ere ikasturtea Marinelako gunean hasiko dutela baieztatu zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak, beste tokirik ez baitute.

    Aldez eta moldez, ikastolako komunitate osoak argi eta garbi adierazi du eskola euskalduna nahi duela. Enpatia pixka bat galdegiten zuten: “Guk espero dugu hala ere epaileak ulertuko duela urgentzia dugunak gu garela, ez baitugu ikastola non eman”. Epaileak, baina, urtetako jardun zentralizatzaile eta homogeinizatzaileari bide ematea hobetsi du.

    Birikak kenduta, herri euskalduna ito nahi dute. Izan erakunde publiko, eragile edota norbanako, denoi dagokigu orain hordagoari indartsu erantzun eta Ziburuko ikastolak ere eremu duin bat izan dezan ahal den guztia egitea. Guda irabaz dezagun eta ez "gal", komunitate gisa espaloian tinko eutsi eta bi Estatuen amaraunetik askatzeko garaia da. Orduan hartuko dugu guk zein gure hizkuntzak "arnas", libre eta kanpo esku hartzerik gabe.

     

    Honatx bi urteotako gertaerak kronologikoki azalduta:

    Ikastolaren sorrera

    2012ko azaroa. Ziburuko Marinela auzoko eskola publikoa obretan zegoenez, herriko etxeak Kaskarotenia ikastolari utzi zion eskola publikoaren lur eremu bat. Bertan kokatu zen ikastola.

    Eztabaidak herriko etxearekin

    2012. Marinelako eskola publikoan bi bungalow ditu ikastolak, baina ikastola sortu zenetik behin-behineko eraikina izan da hori. Geroztik, elkarrizketak izan dituzte herriko etxearekin. Bertzeak bertze, haur eskola bat eraikiko zuela agindu zion auzapezak ikastolari.

    2014ko maiatza. Herriko etxeak eta Ziburuko ikastolak egindako azken bilkura. Hortik aitzina, Guy Poulou auzapezak erabaki zuen elkarrizketa gehiago ez izatea, «konfiantza hautsia» zelako.

    Mobilizazioak

    2014ko ekainaren 9a. Ziburuko Herriko Etxeak negoziatzeko asmorik ez zuela ikusita, elkarretaratzea egin zuten Ziburuko ikastolako kideek. 200 lagun inguru bildu ziren, Kanporaketarik ez, alternatibarik gabe lelopean.

    2014ko agorrilaren 11. Epaiketaren aurreko egunetan, elkarretaratzea egin zuten herriko etxearen aurrean. 130 lagun inguru bildu ziren.

    Lehen auzia, Baionan

    2012ko uztailaren 29a. Ziburuko Herriko Etxeak auzitara eraman zuen Ziburuko ikastola, eta eraikinean jarraituko zuen egun bakoitzeko 100 euro ordainarazi.

    2012ko agorrilaren 12a. Ikastolaren aurkako epaiketa, Baionako auzitegian.

    2012ko agorrilaren 14a. Deliberoa: epaileak erran zuen gaia hark aztertzeko «konplexuegia» zela.

    Bigarren auzia, Pauen 

    2014ko agorrilaren 20a. Herriko etxeak iragarri zuen bigarrengoz eramanen zuela ikastola auzitara.

    2014ko agorrilaren 29a. Ziburuko ikastolaren aurkako auzia, Paueko Administrazio Auzitegian. Irailaren 1eko goizean emanen dute epaiaren deliberoa. Ikastolako haurrek irailaren 2an dute lehen eskola eguna. 

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.