• 09
    IRAI
    Oztopoak oztopo, Ziburuko ikastolak aurrera darrai
    Lagundu Ziburuko ikastola!

    Ziburuko ikastolari gaur bukatu zaio Kaskarotenea ikastolan egoteko epea. Gaurtik aitzina egunero 100 euroko isuna ordaindu beharko dutela eta, sostengua emateko eskaera egin dute.

    Guy Poulou auzapezak irailaren 4an ikastolari bidalitako gutun batean adierazi zuen gaur arteko epea zutela eraikina uzteko. Bide batez, gaurtik aitzina urik eta argirik gabe utziko zuela ikastola aginduz mehatxu egin zien. Eskola publikoa eta ikastola banatzen dituen hesia kenduko ziela ere jakinarazi zien gutunean. Gaur goizean, ordea, oraindik zutik zegoen hesia, eta haurrek arazorik gabe hasi ahal izan dituzte eskolak, ura eta argia lagun.

    Mehatxuak zutik dirau, hala ere, eta ikastolako kideek badakite edozein unetan geldi daitezkeela oinarrizko baliabide horiek gabe. Laida Mugika Kaskaroteniako lehendakariak salatu du agindutako neurriek haurren segurtasuna kolokan jartzen dutela, eta gehitu du hori ez dela erabaki judizial bat, Guy Poulou auzapezaren eta haren talde osoaren erabaki politikoa baizik.

    Klaseak egunero bezala hasi ahal izan dituzten arren, gaurtik aitzina 100 euroko isuna ordaindu beharko du ikastolak egunero. Mugikak azaldu duenez, uxerra pasa beharko litzateke lehenik, haurrek ikastolan jarraitzen dutela ziurtatzera, eta horren ondotik hasiko lirateke isuna ordaintzen. Dirua lortzeko Euskal Herri osoari zabaldu diete laguntzarako deia. Jadanik 1.600 euro inguru bildu dituzte –hamasei egunez isuna ordaintzeko adina– , eta eskerrak eman nahi izan dizkiete laguntza eman dieten guziei. Hala ere, oraindik diru gehiago beharko dutela azpimarratu dute, batik bat aterabide pribatu bat atzeman behar izanez gero. Elkarteekin ere hasiak dira mintzatzen, eta, bertzeak bertze, Irrien Lagunak klubeko kideak ortzegunean joanen dira ikastolara, sostengu bideo bat grabatzera.

    Gurasoak atzo arratsaldean bildu ziren aterabideak bilatzen jarraitzeko. Herriko etxearekin hitz egitea ez dute baztertzen, ikastolaren ustez aterabideak badaudelako, baina auzapezak deitu ezean haiek aterabide pribatuen bila arituko direla argitu dute. Pantxo Olzomendi gurasoak herriko etxearen borondate falta salatu du, eta, auzapezaz gain, bertze hautetsiek ere ardura dutela gehitu. Guy Poulouren zerrenda berean dago Iñaki Ibarloza EAJko kidea, herriko etxeko euskara arduraduna. Olzomendik haren isiltasuna salatu du, eta adierazi eskuindarra izan arren abertzalea dela, eta ikastola lagundu beharko lukeela. Mugika ere iritzi berekoa da: “Gehiengoan dago, baina ez du deus egiten. Behar luke dimititu argiki; ez dakit nola ez den lotsatzen”.

    Ziburuko ikastolaren aurkako ebazpenetik herri euskaldunak espaloian tinko eusteko hautua erakutsi du. Gaurtik aurrera ere hala egin beharko dugu, beraien deialdiari positiboki erantzun eta Ziburun ere eskola euskalduna egon dadin bermatuz.
     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.