• 12
    IRAI
    Ikastolen elkarteak Kaskarotenea bizirik mantentzeko kanpaina abiatu du

    Ikastolek 'Eman egun bateko bizia Ziburuko ikastolari' kanpaina jarri dute martxan. Elkarte, erakunde eta herritar orori dei egin diete kanpainan parte har dezaten.

    Ziburuko ikastolari egungo eraikina uzteko epaileek ezarri epea agortuta, bertan geratzen den egun bakoitzeko ehun euroko isuna ordaindu beharko duela jakinik, EHI Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak‘Eman egun bateko bizitza Ziburuko ikastolari’ kanpaina abiarazi zuen atzo.

    Kaskarotenea ikastolan izan ziren atzo EHIko lehendakari Koldo Tellitu eta zuzendari nagusi Imanol Igeregi. Kaskaroteneko lehendakari Laida Mujikarekin eta Seaskako lehendakari Paxkal Indo eta zuzendari Hur Gorostiagarekin bildu ziren, ikastolaren egun hauetako jarduna bertatik bertara ezagutzeko eta Euskal Herriko ikastola guztien babesa eta elkartasuna adierazteko.

    Bileraren ostean eman zuen ekimenaren berri EHIko lehendakariak. ‘Eman egun bateko bizitza Ziburuko ikastolari’ kanpainan Euskal Herriko ikastola guztiek parte hartuko dutela aurreratu zuen Tellituk, eta, era berean, elkarte, erakunde eta herritar orori dei egin die beraiek ere parte har dezaten ekimenean, egun bakoitzeko isunak ordaindu ahal izateko.

    Hauxe da ireki den kontu korronte zenbakia:
    Euskadiko Kutxa  ES37 3035 0059 88 0590731027

    Paxkal Indok eta Laida Mujikak biziki eskertu zuten ekimena abian jarri izana, eta, era berean, eskerrak eman zizkieten dagoeneko  dirua jarri dutenei zein elkartasun mezu, argazki eta marrazkiak bidali dizkieten guztiei. Komunitate oso baten babesa sentitzen ari direla adierazi zuten, eta indarra ematen diela horrek aurrera egiteko, Ziburun ikasatolak jarrai dezan lanean jarraitzeko.

    Indok eta Mujikak adierazi dute Ziburuko alkate Guy Poulouk, oraingoz, ez duela iragan asteko mehatxua bete, eta, beraz, ur eta argindar hornidura ez dietela eten, ezta babes hesiak kendu ere. Era berean,  gaineratu dute oraindik epaileak ez duela inor igorri ikastolara isunen ezartzera, hori edozein unetan gerta daitekeela jakin badakiten arren.

    Hori euskal komunitatearen esku dago. Guk emandako erantzunaren baitan hartuko du jarrera bat edo beste auzapezak. Ziburun ere eskola euskalduna izango badugu, espaloian tinko jarraitu behar dugu. Denon artean, lortuko dugu!

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.