Euskara edo berau jatorri duen ororekiko gurutzadak ez du etenik. Zokoratuta, inbisibilizatuta nahi gaituzten honetan, komunitate gisa sekula baino presenteago egotea dagokigu. Ez gara espaloitik jaitsiko!
Nafarroako Gobernuak euskarazko 22 liburu erretiratzeko agindu du. Euskal hizkuntza eta literatura ikasgaiko liburuak dira erretiratzeko agindutako guztiak, Lehen Hezkuntzako maila guztietatakoak: lehen mailako bat, bigarren mailako lau, hirugarren mailako zortzi, laugarren mailako bat, bosgarren mailako sei eta seigarren mailako bi. Euskara ikasgaikoak dira guztiak.
Gobernuak argudiatu du Nafarroa "ez dagokion lurralde testuinguru batean" kokatzen dutela, Euskal Herriaren parte dela erakusten dutela edo ikurrina erabiltzen dutela "horretarako beharrik izan gabe". Irregulartasun horiek antzemanda, Hezkuntza Departamentuak foru agindu bat onartu du liburuak erretiratzeko; eskolei agindu die ez ditzatela material horiek erabili. Sei argitaletxeri eragiten die debekuak.
Ingurunea ikasgaiko liburuen aurka aritu da bereziki Iribas, Nafarroa Euskal Herriko mapan ageri delako. "Nafarroako geografia ezin da ikasi Espainiakotik aparte", berretsi du kontseilariak. Euskara Euskararen Herritik aparte bai, nonbait. Aldaketa badago orain: liburu guztiak Euskara ikasgaikoak dira. Hizkuntzaren gaia ere Euskal Herriko ikuspegitik lantzea ez du onartzen, beraz, Iruñeko gobernuak.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean