• 09
    URR

    Ikastetxeetara gutun bat bidali du aginduarekin. Nafar Gobernuaren sorgin ehizak aurrera darrai.

    Euskarazko 22 liburu hurrengo asterako kentzeko agindu du Iribasek
    BERRIA bidez

    Zerrenda bat prestatu du Hezkuntza Departamentuak "legea betetzen ez duten" 22 liburuekin. Euskarazkoak dira liburu guztiak, Euskara eta Literatura ikasgaikoak. Honako argitaletxe hauei eragiten die debekuak: Edebe, Erein, Ikaselkar, Anaya, Ibaizabal-Edelvives eta Santillana.

    Gutunarekin batera, zerrenda hori bera igorri du eskoletara Jose Iribasen kontseilaritzak. Zuzendariei agindu die begiratzeko lista hori, eta baieztatzeko eskolan erabiltzen dituzten liburuen artean ba ote dagoen zerrendan azaltzen denik. Horrela bada, ikuskaritzari jakinarazteko agindu diete zuzendariei, "ikastetxeak arau haustea zuzentzeko hartuko dituen neurriekin batera".Urriaren 17an, datorren asteko ostiralean, jarri dute epea.

    Foru arau bat egin du gobernuak liburu horiek baztertzeko; irailaren 22an sinatutako agindua da. Erabakia nolatan hartu duten azaldu dute arau horretan. Bistan utzi dute zuzenean Euskara ikasgaiko liburuen bila aritu direla. Batetik, izenburuan bertan dio Euskarako liburuei buruzkoa dela araua. Bestetik, kontseilariak joan den astean azaldu zuen 43 lan aztertu dituztela, eta 22 seinalatu. Ikusita argitaletxe askoren liburuak direla, uste izatekoa da soilik Euskarako lanak ikertu dituztela.

    Argudioan berritasunik ez dago: Euskal Herriko maparen barruan ageri dela Nafarroa, "markoan sartuta". Oraingo legearen aurkakoak dira mapak, gobernuaren esanetan. Honela dio aginduak liburu horien inguruan: "Nafarroaren errealitate instituzionala errespeturik gabe tratatzen dute".

    Argitaletxeei gutun bana igorri die Hezkuntza Departamentuak. Izatez, maiatzean ohar egin zien, legea ez dutela betetzen, eta aldatzeko liburuak; alegazioak egin dituzte haiek, baina gobernuak ez ditu aintzat hartu. Hezkuntza Departamentuak jakinarazi die kendu egingo dituztela materialen zerrendatik, edukiak aldatu arte. Erabakia azkar hasiko da eragina izaten. Doakotasun sistema bat dago Nafarroan eskolako liburuekin —bertan behera uzten saiatu zen UPN—. Gobernuak erabaki du seinalatutako 22 liburuak kanpoan geratuko direla sistema horretatik, "ez daudelako egungo araudira egokiturik".

    Eskolei bidaltzen zaien listatik kenduko dituzte. Baina ez hori bakarrik: "Beste lista bat egingo da eta jendaurrean jarriko, liburu horiek jasoko dituena, ohartarazteko ezin daitezkeela finantzatu". Nafarroan Euskarako liburuak egiten dituzten argitaletxe guztiak egongo dira listan, SM izan ezik. Eskolei ere eragingo die erabakiak. Gobernuak errekerimendu bat bidaliko die liburu horiek erabiltzen ari diren zentroei, "beste batzuk aukera ditzaten". Asteartean sinatutako gutun bat heldu da eskoletara. Ez dute argitu zer gertatuko den betetzen ez badute. "Espediente" hitza aipatu zuen Iribasek asteazkenean.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.