• 20
    URR

    Milaka lagun bildu ziren atzo Zangozako ikastolari babesa ematera.

    Milaka lagunek esan, izan eta gozatu egin dute Zangozan
    Nafarroa Oinez

    Euraldia lagun, milaka lagun batu ziren Zangozan atzo. Eguzkiak eta jendetzak bat egin zuten ibilbidean. 10:00etan egin zuten hasiera ekitaldia, eta besteak beste, Pello Irujo Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidenteak hartu zuen hitza. LOMCE legea salatzearekin batera, nabarmendu zuen hezkuntzan egiten den "joko partidistak" kezkatzen dituela. Zinta moztu ondoren, festan murgildu ziren.

    Eguerdian, omenaldia egin zieten Zangozako ikastolaren zazpi familia sortzaileei.

    Lau gunetan banatu zuten ibilbidea. Ikastola inguruan jarri zuten lehenengoa, eta herritik kanpo gainontzeko hirurak, landa eremuan.

    Eremu horretatik kanpo ere egin zuten ekitaldi bat, Erronkako lehen proba Aragoi ibaian izan baitzen; presatik herri sarrerako zubiraino. Altsasuko Iñigo Aritza Ikastolak irabazi zuen Erronka.

    Helduenentzat prestatu zuten lehenengo gunea, eta hainbat jarduera egin ziren bertan. Herri kirolak, musika eta dantza emanaldiak egon ziren goizetik arratsera.

    Musika izan zen bigarren eta hirugarren guneen ardatza, gazte gehien bildu zuten lekuena. Talde ezagunak aritu ziren oholtza gainean: esaterako Gose, Glaukoma, The Soulbreaker Company eta Willis Drummond bigarren gunean; eta Leihotikan, Arkada Social, Los Zopilotes Txirriaos eta Esne Beltza hirugarrenean. Zangozaldeko taldeek ere jo zuten: Altxatu —taldekideetako bat ikastolako ikaslea da— eta Zartako K —aurtengo abestiaren egilea— taldeek ireki zuten hirugarren gunea.

    Laugarren gunean, Irrien Lagunek hainbat ikuskizun dibertigarria eskaini zuten, eta, gainera, haurrentzako puzgarriak eta txokoak jarri zituzten. Horrez gain, zaldi txangoak egiteko aukera eskaini zuten laugarren gunean.

    Egun paregabearen ondotik, Baztango ikastolari pasatu zion lekukoa Zangozak. 

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.