• 10
    AZA

    Dozenaka eragile eta milaka norbanakok erasoen aurrean espaloian tinko jarraitzeko borondatea erakutsi zuten.

    Milaka herritar batu dira Ziburuko ikastolaren alde
    (Argazkia: Kaskarotenea)

    Ziburuko karrikak jendez beteta erantzun diote Guy Poulou auzapezak Kaskarotenea ikastolaren aurka hartutako neurri sortari. Manifestazio jendetsua egin zuten larunbat arratsaldean, azken hilabeteetan ikastolak pairatutako “erasoak” salatu eta sasi guztien gainetik eskola euskalduna aldarrikatzeko. Seaskaren arabera, 6.000 lagun batu ziren.

    Ordua 16:00etarako zuten jarria, baina aurretik ere beteak ziren herriko plaza eta inguruko kaleak. Musika, txalaparta, irria eta eguzkia nagusitu ziren. Sostengu handia izan zen ikastolarentzat. Eragile sozial, sindikal eta politiko ugaritako ordezkariak hurreratu ziren. EHE ere bertan izan zen.

    Kaskaroteneako gurasoak joan ziren martxaren hasieran, ikastolaren aldeko kamiseta urdinak soinean zituztela. Lelo nagusi hau zuten oihuetan eta karteletan: Ikastolak ez hunki!. Ikastolako kideen ondoan ziren Paxkal Indo Seaskako lehendakaria eta Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria. Dozena bat joaldunek ireki zuten bidea.

    Ziburuko plazatik Piarres Larzabal kolegiorako bidea egin zuten. Kolegio atarian egin zuten ekitaldia. Eskerrak eman zizkieten manifestariei, eta nabarmendu zuten Ziburun ikastola bat izanen dela babesari esker. Kaskaroteneako gurasoak bereziki gogoan hartu zituen Indok: “Egindako borroka duina izan da, eta gaur ere frogatu duzue ez gaituela deusek geldiaraziko”.

    Ohartarazi zuen, ordea, Ziburukoa ez dela ikastolek azken aldian jasandako “kolpe” bakarra. Hendaiako kasua gogoratu zuen, adibidez. “Ikastolek lege ezagupenik ez duteno, lurralde honetan euskara ofiziala izango ez deno, ez dugu bakerik izanen”. Kaskaroteneako afera eskola euskaldunaren kontrako sorgin ehizaren baitan kokatu behar dugu. Komunitate oso baten kontrako erasoa da, ondorioz.

    Neurri gogorrak hartzen ari da Ziburuko auzapeza ikastolaren aurka: auzitegira jo zuen orain dauden lur eremutik kanporatzeko, eta, azkena, argindarra kendu die. “Bidaiatzeko parada” izan dela azaldu zuen Indok, ironiaz: “XVIII. mendera bidaiatu dugu, Argien Mendera. Frantziak, berdintasunaren izenean, euskaldunen eta euskararen kontrako gurutzada hasi zuen garaira”.

    Auzitara jo du berriro ere Poulou auzapezak: orain dauden lur eremuan segituz gero, egun bakoitzeko isuna 100 eurotik 400 eurora igo nahi dio ikastolari. Egoera jasanezina dela nabarmendu zuen Laida Mugikak, Kaskaroteneako presidenteak: “Gurasoak eta elkarte bat auzipetzen ditu; hamahiru haur auzipetzen ditu”.
    Eta gogoan hartu zituen ikastolan ari diren haurrak, “haientzat” ari baitira lanean: “Elaiarentzat, Texarentzat, Maitenarentzat, Maikarentzat, Matheorentzat, Oihanentzat, Laiarentzat, Lukenentzat, Maddirentzat, Yalgorentzat, Uhainarentzat, Ekaitzentzat eta Odeirentzat. Eta etorriko diren ume guzientzat”.

    Oztopoak “asko” izan diren arren, Mugikak eskerrak eman zizkien irakasleei eta laguntzaileei, ikastola aurrera ateratzeko egiten duten lanagatik, haurrentzat egunak «eramangarri» egiten dituztelako. Eskerrak eman zizkien ikastola babesten ari diren milaka lagunei ere.

    EHEren pankartak zioen legez, Poulouren gorrotoak ez du mugarik, baina euskaltzaleon kemenak ere ez! Guk eskola euskalduna!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.