• 10
    ABE

    Abokatutza Masterra euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen dute Leioako Zuzenbideko euskarazko ikasleek.

    Zuzenbideko ikasleak behin gradua amaituta egitera derrigortuta dauden Abokatutza Masterra euskaraz eta Leioan egitea aldarrikatu dute. Atzo egin zuten prentsaurrekoa, Leioan bertan. Euskaraz ikasteko oztopoak salatu eta Euskal Herrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko lan egiteko borondatea agertu zuten.

    Azaldu zutenez, abokatu izateko derrigorrezkoa zaie zuzenbideko ikasleei Abokatutza Masterra egitea. Joan den urtean eskaini zen ustez estreinako aldiz Euskal Herriko Unibertsitatean abokatutza masterra. Atzo salatu zutenez, "ez da inondik inora horrela". Izan ere, "master osoaren %38a baino ez dago bermatuta euskaraz, hizkuntza honetan irakatsi dezaketen irakaslerik kontratatu ezin delako aitzakian".

    Azken egunetan hainbat eskaera ezberdin helarazi dizkiote euskara errektore ordeari. Bere esanetan “euskarazko” taldea bermatuta dago baldin eta 12 ikasle matrikulatzen badira (aurrez ezarritako kopurua 8 ikaslekoa zen). Kopuru minimo honi beste inguruabar batzuk gehitu behar dizkiogu, beraien ustetan “euskarazko" taldea sortzea "ikaragarri" zailtzen dutenak:

    Abokatutza masterra gazteleraz Donostiako eta L eioako kanpusetan eskaintzen den bitartean, “euskarazko” masterra "ziurrenik" Donostian izango dela adierazi dute. "Eskubide urratze larritzat" jo dute hau, besteak beste, ez dagoelako edonoren esku "Donostian masterra ordaintzeaz gain, pisu bat ere ordaintzea, edo eguneroko garraioa ordaintzea". 

    EHU-k euskarazko masterra ez indartzeko aitzakia nagusia "diru falta" izan dela adierazi die. EHU-ko aurrekontuak bestelako proiektuetara bideratzen direla ikusirik, "aurrekontu hauen kudeaketaren arduradunei ikasleen formakuntzari lehentasuna ematea" eskatu diete.

    Horrez gain, estatuko abokatutza masterraren amaieran egiten den estatu mailako azterketa gazteleraz soilik eskaintzen dela salatu dute. Legearen arabera Autonomi Erkidego bakoitzak antolatu dezake azterketa hau. Oraindik, baina, "ez da pausu hau eman", eta ez dirudi epe laburrean egingo denik. Honek ere "euskarazko eskaeren jaitsiera" ekartzen duela iritzita, hau aldatzeko Euskal Herriko Unibertsitateak bere esku dagoen guztia egin beharko lukeela aburu dute.

    Eskubide urraketa "larritzat" jo dute Abokatutza Masterra "euskaraz" kanpus batean soilik eskaintzea eta gainera ikasle kopuru minimo baten esperoan gelditzea.

    Horren aurrean Abokatutza Masterra gure hizkuntzan egiteko eskubidea aldarrikatu dute Leioako Zuzenbideko euskarazko ikasleek. Leioan eta Donostian, ikasle ororen eskura dagoen master bat eskaintzeaz gain, estatu mailako azterketa euskaraz egin ahal izateko ahal duen guztie egiteko eskatu diote EHU-ri.

    Euskal Herriko Unibertsitatean bertan euskaraz ikasteko jasaten dituzten oztopoak gainditzeko "azkeneraino iristeko prest" daude. "Hitz eta promesetatik konpromisoa erakustera eta benetan Euskal Herrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko" lan egitera deitu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak, Zuzenbideko ikasle zein irakasleak.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.