• 10
    MAI

    Eguraldi onak lagunduta, jende asko elkartu da Senperen Herri Urratsen 32. ekinaldian. Seaskako arduradunek euskarari lehentasuna emateko eskatu diete arduran politikoei.

    Euskaltzale ugari bildu da Senperen ikastolen alde
    Aurore Lucas

    Eguzkiak lagunduta, euskaltzale asko batu da Senpereko aintziraren inguruetan Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako ikastolei sostengua emateko. Aurtengo Herri Urrats, 32.a, Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren aldekoa izanen da. Ziburun jabe pribatu bati lurraren erosteko harat-honatak abiatuak dira, eta ez da nolanahiko zama ikastolen federazioaren bizkar.

    Laida Mujika ikastolaren lehendakariak iragarri du laster eskatuko dituztela ikastola berria eraikitzeko baimenak. Kaskarotenean 14 haur daude gaur-gaurkoz, baina heldu den ikasturterako beste hiruzpalau ikasle espero dituzte.

    Ohi bezala, ordezkari politikoak ere joan dira gaur Senperera. Seaskako arduradunek Frantziako ordezkariei eta Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako hautetsiei egin diete oharra: euskara lehentasunen artean atxikitzeko deia egin diete.

    Ikastola berriak bidean

    Hur Gorostiaga zuzendariak joan den neguan esplikatu bezala, federazioak oro har dituen beharrei erantzuten ari zaie Herri Urrats azken urte hauetan. Horiek horrela, jendea etortzera akuilatu nahi da Ziburukoa aitzinean emanez. "Jendeak ikus dezan hurbilagotik edo konkretuagoa izan dadin helburua, nahi izan dugu komunikatu Ziburukoarekin aurten; heldu den urtean beste proiektu baten inguruan izanen da", esplikatu du Maialen Etxemendi Herri Urratseko lehendakarikideak.

    Izan ere, emendatuz doa euskaraz ikasi nahi duten ikasleen kopurua Zuberoan, Lapurdin eta Baxenabarren, eta, eskaera horri erantzunez, bertze hiru ikastola irekiko ditu Seaskak heldu den ikasturterako. Lapurdin sortuko ditu horietako bi: Basusarrin bata, eta Biriatun bertzea. Hirugarrena, berriz, Baxenabarren zabalduko dute: Azkaraten.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.