• 24
    MAI

     

    30.000 euskaltzale aipatzen dituzte hainbat eta hainbat albiste iturrik. Trinitarios plazaren itxurari erreparatuta bederen, ez ziren urruti ibiliko. Batera edo bestera, milaka eta milaka izan ziren iragan igandean Iruñeko Trinitarios Euskal Eskola Publiko Berriaren alde batuz Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen deialdiari hauspoa eman ziotenak. Festa giroa nabarmentzekoa izan zen bertaratu zen olatu euskaltzalearentzat txiki geratu plazan

     

    Iazko parte hartzearen antzeko parte hartzea izan zuela jaiak esan dute Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko kideek, eta pozik agertu dira deialdi nazionalak izan duen arrakastarekin. Jatekoa eta edatekoa ere bukatu egin zen eta antolatzaileek bi aldiz eskatu behar izan zuten gehiago. Hala ere, eta dena ongi joan zen arren, oztopoak ere izan ziren, batez ere udalaren aldetik. Aurrekoetan Takonera parkean egin da jaialdia eta aurten aldiz, udalaren aginduz Trinitariosera eraman behar izan zuten ospakizuna. Antolatzaileen esanetan lekua ez da batere ona, "hautsa harrotzen da, haurren kotxeek zailtasunak dituzte batetik bestera ibiltzeko, ez da batere erosoa mugitzea harriak baitaude. Ez da ezaugarri hauetako jaialdi baterako leku egokia". Bertara hurbildu ziren batzuek eskerrak eman zituzten euririk ez zelako hasi, lokatz handia sortzeko aukera gehiegi baitzegoen, baina euriaren ordez, sekulako eguzkiak lagundu zuen jardunaldia. Datozen urteetan Takonerara bueltatzeko esperantza badute Sortzen-Ikasbatuaz-ekoek; izan ere, baimena ematen duen zinegotziaren idatzizko konpromisoa dute datorren urtean hala izateko.

    Gauzak horrela, goizeko 10,30etan ekin zioten egitarauari antolatzaileek, eta azken asteotan Lizarrako eskolako aferaren karietara hika-mika sortu duen "Euskal Herrian Euskaraz" kantua abestuz hasi zuten eguna bertaratutakoek. Abel Barriola pilotariak irakurri zuen pregoia, eta "traben gainetik euskara eta euskal eskola publikoa" bidea egiten ari direla esan zuen. Bestalde, aurtengo jaia antolatzeko ardura izan duen Zizur Nagusiko Erreniega eskolak lekukoa pasatu zion Burlatako Ermitaberri eskolari. Omenaldiak ere ez ziren falta izan,  urtero bezala, eta aurtengoa Arbizuko herriari tokatu zitzaion, diktadura garaian ikastolak sortzen lagundu eta 80ko hamarkadan euskarazko eredua eskola publikoan ezartzen egindako lanagatik.

    Aurreskua dantzatu eta aurreko hamar urteetan jaia antolatu duten eskoletako ordezkariek (lehen bostak Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak berak antolatu zituen) beste hamar txupin bota ondoren hasi zen girotzen Trinitarios, eta egun guztian zehar alaitu zituzten euskaltzaleen bihotzak dantzek, jolasek, tailerrek, herri kirol ikuskizunek, txarangek, batukadek, kontzertuek eta abar guztiek.

     

    Sortzen-Ikasbatuaz-ek esker ona adierazteko mezua hedatu du jada gaurko.

     

    Eranskinak:

    Nafarroan.com (kronika polita)

    Argia.com