• 16
    EKA

    Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere euskara bizi nahi dugulako, Kontseiluak eta hezkuntza munduko eragileek eta sindikatuek gogoeta berria plazaratu dute. Maiatzaren 15erako Kontseiluak Iruñean deituriko manifestazio arrakastatsuaren ondotik dator ekimen berria. Kontseiluaren webgunean bideoa dago ikusgai.

     

     

    Manifestua:

     

    Hemen bildutakook, Kontseilua, Sortzen-Ikasbatuaz, Ikastolen Elkartea, Ikasle Abertzaleak, LAB, ELA, STEE-EILAS erakundeen eta Unibertsitate-komunitateko hainbat irakasle, ikasle eta langileen ordezkaritza harturik, honako datu eta gogoeta hauek jakinarazi nahi dizkiogu iritzi publikoari, NUPeko euskarazko matrikulazioari dagokionez:

      1.                  Lehenengo eta behin, esan nahi dugu, zorionez, euskaraz bizi nahi duen jendea gero eta gehiago dela. Goi-mailako ikasketak egitea ezinbestekoa da gaur egungo gazteen prestakuntzarako eta, ondorioz, haien bizimoduaren parte garrantzitsua da zeregin hori. Ildo horretatik, ikasketa horiek euskaraz burutzeko mota guztietako zailtasunak badaude ere, argi eta garbi ikusten dugu, euskaraz matrikulatzea bera, gure hizkuntzaren aldeko ekintza dela. Gaurko gazteek, euskara hautatuz irekitzen diote etorkizuna euskarari; beraz, euskaraz bizitzearen alde apustu egin dezaten dei egin nahi diegu.  

    2.                  Ez da komunikabideen aurrean agertzen garen lehenengo aldia, NUPeko euskarazko matrikulazioa bultzatzeko asmoz. Oraingoan ere, aurreko urteetan egindakoetan bultzatu gintuen datu esanguratsu bera azpimarratu nahi dugu, alegia, gero eta handiagoa dela unibertsitateko goi-mailako hezkuntzara iristen den ikasle elebidunen kopurua. 2005-06 ikasturteko matrikulazio datuek jada arrazoia eman ziguten, orduan matrikulatu ziren ikasle euskaldunen % 20ko muga gainditu eta % 21,5era iritsi baitzen. Kopuru hori mantendu egin da azken urteetan, 2008-2009 ikasturtean % 20,88 izanik. Errealitate honek aise gainditu du Unibertsitateak berak aurreikusten zuena. Ikasle euskaldunen kopuruak eta ehunekoak gora egin dute ia fakultate eta eskola guztietan.  

    3.                  Errealitate honen aurrean, egia da unibertsitateak zertxobait handitu duela bere euskarazko eskaintza, baina zoritxarrez, handitze honen oinarria ez da hizkuntza normalizaziorako benetako Plangintza. Batetik, bere garaian Errektoreak ezin izan zuen euskararako atxikia izendatu, proposatutako hautagai guztiek uko egin diotelako kargu horri. Atxikitza berezitik Errektoreordetzaren mendera pasatzean euskarak pisua eta garrantzia galdu zituen unibertsitatearen gobernuko organigramaren barruan. Bestetik,    2007an Euskararen Normalizaziorako Plana onartu zen, euskararen garapen jasangarrirako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituen Plana. Plan horrek ez du ikasketa guztiak euskaraz eskaintzeko aukera jasotzen, ez eta helburu horretara iristeko estrategiarik markatzen ere. Edozein modutan, xehetasunetan sartu gabe, 2007-2009rako Plan horrek argi utzi du ikasle euskaldunen erantzun ona izan dela. Beste era batera esanda, euskarazko irakasgaiak eskaini diren tokian matrikulazioa izan da. Aurtengo ikasturtean, 720 ikasle matrikulatu dira euskarazko irakasgaietan.  

    4.                  720 ikasle horiek ezin dituzte beren ikasketak euskaraz burutu, irakasgairen bat besterik ez. Hala ere, NUPeko ikasleen % 9,94 dira, iaz matrikulatu ziren ikasle euskaldunen ehunekoa % 20,88 izan arren. Egoera honek ezinegona sortzen du ordezkatzen ditugun pertsona multzoetan, uste dugulako, gauzak honela, ez zaiela behar den moduan erantzuten mahaigainean dauden beharrei, eta ez dela gaia behar den seriotasunez garatzen. Horregatik eskatzen diogu errektoretza-taldeari gure ikasleen eskubideak berma ditzala eta, aldi berean, ikasle euskaldunak animatu nahi ditugu euskarazko eskaintza haintzat hartzera eta matrikula egitera.

    Eranskinak:

    Zuzeu.com

    Kontseilua (manifestua eta bideoa)