Agurainen izan zen duela hile eskas 2010eko Araba Euskaraz jaialdia, eta aurkeztu dute jada 2011koa. Laudio Ikastolak hartuko ditu bere gain Arabako Ikastolen aldeko jaiaren prestakuntza lanak, eta Laudion bertan ospatuko dute jaia laugarrenez, hitzorduaren 40. urtemugarekin batera. Leloa, sinplea bezain indartsua da, Bagare, eta 40 urte luzez egindako ibilbideari erantzuten dio. Egunean bertan, datorren urteko ekainaren 19an hain zuzen ere, duela lau hamarkada bidea hasi zutenak omenduko dituzte; izan ere, "izan zirelako" bagare.
Bagare izango da 2011ko ekainaren 19an Laudion ospatuko den Araba Euskarazen leloa. Ospakizun bikoitza izango da heldu den urtekoa, izan ere, 40 urte beteko ditu Arabako Ikastolen aldeko jaiak, eta aipatu leloaren bidez irudikatu nahi baitute antolatzaileek duela lau hamarkada hasi zuten bideak ekarri gaituela egun gauden lekura. Izan zirelako gara, garelako izango dira leloarekin borobilduko dute, tenore horretan, lelo nagusia. Laudio Ikastolak hartuko ditu hitzordua aurrera eramateko lanak, eta egunaren aurkezpenan aipatu dutenaren arabera, 40 urte atzera bidea hasi zutenei egingo diete omenaldia heldu den Araba Euskarazean. Badirudi Laudio Ikastolakoek hamarkada bakoitzean gutxienez behin Araba Euskaraz bat antolatzeko ohorearekin jarraitu nahi dutela. 1983an antolatu zuten lehena, 1993an bigarrena eta 2000. urtean azkena. Aipatu ikastolako zuzendariaren hitzetan, Laudio ikastolaren "erreferentzialtasuna eta eragina" handitzeko saiakera egingo dute datorren urtean. Eraikinak zaharberritzeko erabiliko da jaialdian ateratzen den dirua.
Eranskinak:
|
Euskaraz bizi sarean