• 17
    URR

    Euskarazko eredua nahi dute Arrosadiako (Iruñea) euskaltzaleek. Izan ere, haur eskola berria eraiki dute auzoan, baina ez du euskal eredua eskaintzen. Egoera salatzeko hainbat protesta antolatu dituzte hurrengo hilabeteetarako, eta lehenbizikoa bihar izanen da. Haur eskola euskalduna eskatzeko sinadurak biltzen ari dira.

    Arrosadiako eragile euskaltzaleak biltzen dituen batzordea maiatza hondarrean aurkeztu zen publikoki. Hainbat eragile, Euskal Herrian Euskaraz tarteko, haur eskola euskaldunaren aldeko aldarria piztu zuten orduan. Hiru puntutan jaso dituzte haien eskariak, eta sinadurak biltzen ari dira. Udan hasi ziren bizilagunen babesa jasotzen, eta, orain, elkarretaratzeak egiteko tenorea dela pentsatu dute.

    Lehenbizikoa bihar izanen da, 19:00etan. Felisa Munarriz enparantzan bilduko dira Arrosadiako euskaltzaleak eredu euskaldunaren alde. Heldu den ostiralean berriro eginen dute elkarretaratzea; 17:00etan izanen da hori, haur eskola berriaren atarian. Azaroan ere, egutegia errepikatuko du Arrosadiako batzordeak. 15ean eta 25ean izanen dira elkarretaratzeak, Felisa Munarrizen eta haur eskolaren parean hurrenez hurren. Lehenbizikoa 19:00etan izanen da, eta 17:00etan bigarrena. Haur eskola euskaldunari bai, behar eta nahi lemapean eginen dituzte elkarretaratzeak.