• 01
    OTS
    Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatuko du Seaskak
    Bernat Etxepare lizeoko ikasleak iaz

    Beste behin ere, erdaraz egin beharko dute Baxoa Ipar Euskal Herriko ikasleek. Horregatik, mobilizaziorako deia egin du Seaskak. Ostegunean izanen da, Baionan, eta hainbat eragilek babestu dute protesta: Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Behatokia eta Euskal Herrian Euskaraz. Euskaraz bizitzeko eskubidea berriz ere ezbaian jarri nahi du Frantziako Estatuak.

    Seaskak behar dituen irakasle postuak murrizteaz gain, 2 urtetik 18 urtera egindako bide euskaldunari ez zaio ezagupenik ematen. Baxua frantsesez egitera derrigortzean euskaraz ikasteko eskubidea ukatzen zaie ikasleei; euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen zaio Euskal Herriari. Horregatik, EHEk bat egin du mobilizazioarekin. “Askotan esan duguna berresten dugu: Euskaraz bizi nahi dugu”. Zapalkuntza guztien aurrean, sasi guztien gainetik, euskaldun izateaz harro agertu eta Euskal Herri euskaldunaren aldeko konpromisoan berrestera deitu du eragile euskaltzaleak. “Hizkuntza zapalkuntzaren aurrean, eskola euskalduna da gure aukera”.

    Bestalde, Euskararen Erakunde Publikoaren hizkuntza politika proiektuan haurrak eta gazteak lehenesten direla esan arren, 2004tik hizkuntza politikaren eza kausitzen ari du gizarteak, eta hona kasu Seaska eta euskaldunon kontrako beste erasoa. Dena den, pozgarria da Seaskak eta ikasleek beraiek azaldu duten jarrera. Joan den urtean, adibidez, Bernat Etxepare lizeoko ikasleak izan ziren salaketa lau haizeetara zabaldu zutenak. Orduan, ikasleek gutuna igorri zioten Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektoreari Baxoa euskaraz egiteko aukera bermatzeko eskatuz.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.