Nafarroa Garaian 1.400 haurrek baino gehiagok 20 kilometro egin behar dituzte egunero euskaraz ikasi ahal izateko. Egoera salatu egin du Sortzen-Ikasbatuazek datuak mahai gainean paratu ondotik, eta "hizkuntza exodoarekin" bukatzeko galdegin dio Nafarroako Gobernuari.
1.400etik goiti dira herritik kanpo ikasten duten haur nafarrak. Euskaraz ikasi nahi dute, eta Nafarroako Gobernuak egunero 20 kilometro egitera behartzen ditu. Sortzen-Ikasbatuazek azaldu duenez "hizkuntza exodoa" ematen da Nafarroan, beti ere Vascuencearen Legearen gerizpean. Haur guztien artean egiten duten kilometroen batuketa urtean 5 milioi kilometro baino gehiagokoa da, hau da, Ilargira 13 bider joateko adinekoa.
Eragileak uste du Nafarroako Gobernuak beste astro batean ikusi nahi dituela euskaldunak. "Baina hemen gaude, errealitate bat gara; errealitate ez eroso eta latza aldi berean", azaldu dute. Esan dutenez, datuak puztuz doaz urtetik urtera, euskaraz ikasi eta bizi nahi dutenen kopuruak goiti egiten duelako. Horregatik, euskaraz bizitzeko eskubidea herri eta auzo guzietan bermatzeko eskatu diote Yolanda Barcinaren gobernu taldeari.
Kostuak
Bidaiari kostu ekonomikoa ere batu beharra zaio. 751.812 euroko gastua dute kilometro guzi horiek, hau da, haur bakoitzeko 540 eurotik goiti gastatzen dira gasolinan. Gainera, hizkuntza exodoak haur bat hil duela salatu du Sortzen-Ikasbatuazek. Herritik kanpo ikasten zuen haur horrek, eta bizia galdu zuen errepidean.
Sortzen-Ikasbatuazek egoera honekin bukatzeko exijitu dio Nafarroako Gobernuari, eta ardurak hartzeko prest dagoen galdetu dio: "Prest zaudete datu hauek esku artean izanik, egunero errepidean jartzen diren umeei gerta ahal zaienaren erantzule egiteko? Prest zaudete lege baztertzaile honek sortzen dituen ondorio guztien erantzule egiteko?".
Bestelako datuak
Sortzen-Ikasbatuazek "hizkuntza exodoari" lotutako hainbat datu gaineratu ditu:
Legearen arabera “eremu mistoan” dauden herrietan ere hizkuntza exodoa ematen da, UPN-PSNren Gobernuak hauetan ere Vascuencearen legearen interpretazio murritza egiten baitu. Adibidez, Abarzuza edo Lezaun. Bietan badago eskola, eta ez dute D eredurik jartzen.
Zirauki (22 haur), Jaitz(17 haur) edo Mañeru (19 haur) bezalako herrietan eskolarik ez egotea ez da ratio kontua, euskarazko irakaskuntza ez bermatzeko hautua da.
Ameskoako herrietan 3 eta 4 urtetako populazioaren %100ak D eredu publikoan ikasi nahi du baina ez zaio ahalbidetzen “eremu ez euskaldunean” kokatuta dagoelako. Aitzitik, Noainen bada D eredu publikoa, eremu berean egoen arren.
D ereduaren eskaera handia egiten den herrietan, TIL eredua inposatu egiten du Nafarroako Gobernuak. Eredu horretan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Horren adibide dira Añorbe eta Artaxoa, besteak beste.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean