EHUk derrigorrezko kredituen %78a eskaini ditu euskaraz 2011-12 ikasturtean. Baina ikasketa batzuetan ezinezkoa da euskaraz ikastea, eta hutsune nabarmena dago graduondokoetan eta euskarazko tesietan. Oraindik ez da lortu EHU euskalduntzea.
Euskal Herriko Unibertsitateak positiboki baloratu ditu Euskara Planak emandako fruituak. Izan ere, eskaintzen dituen ikasketetako derrigorrezko irakasgaien %78a euskaraz egin daitezke. Dena den, oraindik ez da unibertsitatea guztiz euskaldundu, eta hainbat ikasketetan lehenbiziko bi ikasturteak bakarrik ikasi daitezke euskaraz, Medikuntza kasu. Ikasle kopuru txikiak dituzten ikasketetan ere euskara ez da behar bezala bermatzen.
Euskaltzale! aldizkarian aipatu genuen bezala, hutsune nabarmenena graduondoko ikasketetan zein euskaraz egindako ikerketa tesietan dago. EHUk eskaintzen dituen 72 masterretatik lau baizik ez dira euskaraz, eta 17tan euskarazko irakasgaiak eskaintzen dira. Euskarazko tesiei dagokienez, 2010. urtean 29 tesi defendatu ziren euskaraz, %8,84 alegia. Beraz, nahiz eta 2007ko datuak hobetu (orduan 19 izan ziren) oraindik ere kopurua oso txikia da.
Irakasleen euskara ezagutzak ere goiti egin du, baina oraindik ere ez dira erdira ailegatzen elebidunak. Zehazki irakasleen %45,10 da elebiduna EHUn. Haien artean doktore euskaldunak %61,49 dira. Beraz, nahiz eta unibertsitateko Euskara Planean aurreikusitako emaitzak lortu, oraindik ere urruti dago unibertsitate euskalduna.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean