Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal ikasleek irailean abian jarritako presio dinamikak geroz eta jende gehiagoren babesa du. Oraingoan Colette Capdevielle parlamentaria atxiki zaie. Eskola euskalduna xede, urte luzez defendatu izan dute Baxoa euskaraz egiteko eskubidea. Aurtengo ikasturtean, ikasle bakoitzak egunero gutun bat bidaltzen dio Bordaleko errektoreari euskaraz ikasteko eskubidea bermatu dezan.
Jendetza bildu zen atzo Iruñean Iribasek eta Barcinak D ereduaren kontra abian jarritako kanpainaren aurrean. Eredu horretako irakasleak zelatatu eta edukien legezkotasuna aztertu ostean, makina bat herritarrek beraien ernegua agertu zuten atzo. Argi utzi zuten: euskaldun izateaz “harro” daude eta ez dira makurtuko. Eskola euskaldunaren bidean lanean jarraituko dutela berretsi zuten.
Hainbat eragiletako ordezkariekin batera, jendetza bildu zen Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimenak deitutako manifestazioan. “Euskaraz nonahi eta noiznahi bizi daitezen”, euskarak ofiziala izan behar du Euskal Herri osoan, eta zentzu horretan, zonifikazioa “gainditu” eta Nafarroa Garaian ere ofizialtasunaren bidean lanean jarraituko dutela berretsi zuten bertaratutakoek.
Beste hamaika eragile zein norbanakok lez, EHEk ere bat egin du larunbatean Tafallan egingo den mobilizazioarekin. Eskola amaitzean “hirutik bakarrak” duela euskararen ezagutza egokia salatu du eragile euskaltzaleak prentsara igorritako oharraren bidez, euskaldunak “bigarren mailako herritar” garela arbuiatzearekin batera. Vascuencearen lege “petrala” txarretsi eta “Eskola euskalduna” eta “hizkuntza politika burujabea” aldarrikatzeko Tafallan egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du.
Hiru urte atzera Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak martxan jarri zuen proiektu pilotuaren aurka azaldu da bertako euskalgintza. Eredu horrek ez duela ikastetxeek ikasle euskaldunak heztea bermatzen salatu dute euskaltzaleek eta Haurtzaro Ikastolak eredua martxan jartzeko hartutako erabakiaren larritasunaz ohartarazi dute. Arduraz jokatzeko eskaria luzatu diote ikastolako arduradunei.
'Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki. LOMCEri ez! Inposaketarik ez!' lelopean egingo dute manifestazioa urriaren 12an Bilbon. Deialdiaren atzean hezkuntza eragileek lortu duten adostasun multzoa dago. Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa garatzea, Euskal Herriarentzat curriculum propioa osatzea, ikasle eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra ezartzea, hezkuntzaren kudeaketan hezkuntza komunitatearen zein herritarren parte hartzea bermatzea eta aurreko puntuak barnebilduko dituen marko normatibo propioa sortzea daude aipatu adostasunen artean. Lehen neurri gisara, Wert legea ez aplikatzea galdegin diete Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako legebiltzar eta gobernuei.
Baionan egindako agerraldian Lapurdi, Xiberua eta Baxe Nafarroako ikasleek pairatu behar dutenaren argazki orokorra herritarrei helarazi eta azaltzea izan zuten xede Baxoa euskaraz eta EHEko kideek. Alta, ez da izan azkenaldian eragileok auzolanean egindako ekimen bakarra. Izan ere, elkarretaratzea eta ekimena egin zituzten iragan maiatzaren 29an Bernat Etxepare lizeoaren parean eta Alderdi Sozialistak Baionan duen egoitzaren aitzinean, hurrenez hurren, 'Eskola euskaldunaren bidean, baxoa euskaraz!' lelopean.
Baxoa Euskaraz eta Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragileek ekimen bateratua egin dute gaur Baionan. Ekimenaren bitartez eskola euskaldunaren bidean baxoa euskaraz pasatzeak duen garrantzia azpimarratu, ikasle euskaldunen eskubideak aldarrikatu eta hezkuntzaren alorrean ikasle euskaldunek pairatzen duten egoera salatu dute euskaltzaleek.
Hizkuntza gutxituen inguruko bi albiste esanguratsu iritsi zaizkigu egunotan nazioartetik. Galizan hizkuntza ardatza galegoa izango duen ‘Avoaescola’ sareko lehen haur eskola sortu dute. Aragoien, aldiz, oraindik indarrean dagoen hizkuntzen legea aldatzeko proposamena aurkeztu du PPk eta aragoierari eta katalanari babes osoa kenduko dio bertako administrazioak.
Hollandek ez du bere hitza bete eta Frantziak ez du Hizkuntza Gutxituen karta sinatuko. Berriki ezagutu dugun erabaki horren lehen ondorioa euskararen aurkako eraso berri bat izan da: ipar Euskal Herriko hezkuntzan lekurik izan gabe jarraituko du euskarak, existituko ez bailitzan, orain arte bezala.
|
Euskaraz bizi sarean