"Hazi eta irabazi D ereduan" kanpainari ekin diote Nafarroan, hainbat udal eta mankomunitateren babesarekin. Otsailaren 1etik 8ra haurrak aurrematrikulatzeko epea izanen da Nafarroan eta euskarazko ereduaren alde egiteko gomendatu diete gurasoei.
"Guk eskola euskalduna!" kanpainari ekin dio EHEk. Bost kide Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren egoitzan sartu dira, eskola emateko itxura eginez. Foruzainekin euskaraz aritzeagatik bostak komisaldegira eraman dituzte. Gaurtik hasita Euskal Herri osoan izanen dira ekimenak.
Nafarroako eremu batzuetan ikasleek bidaia luzeak egin behar dituzte egunero eskolak euskaraz jasotzeko. Egoera hori salatzera dator Behatokiak egindako dokumentala. Bihar estreinatuko da "Maite ditugulako" Iruñeko Golem Yamagutxi zinemetan. Sarrera librea da, eta proiekzioaren ondotik sarean egonen da ikusgai.
EHUk derrigorrezko kredituen %78a eskaini ditu euskaraz 2011-12 ikasturtean. Baina ikasketa batzuetan ezinezkoa da euskaraz ikastea, eta hutsune nabarmena dago graduondokoetan eta euskarazko tesietan. Oraindik ez da lortu EHU euskalduntzea.
Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz plataformak matrikulazio kanpaina paraleloa egin du, euskarazko hezkuntza nahi duten gurasoen kopurua ezagutzeko. Aurten 82 gurasok ezinen dituzte haien seme-alabak haur eskola euskaldun batean matrikulatu.
Nafarroa Garaian 1.400 haurrek baino gehiagok 20 kilometro egin behar dituzte egunero euskaraz ikasi ahal izateko. Egoera salatu egin du Sortzen-Ikasbatuazek datuak mahai gainean paratu ondotik, eta "hizkuntza exodoarekin" bukatzeko galdegin dio Nafarroako Gobernuari.
Euskaraz bizi nahi dugulako, irakaskuntza euskaldun burujabea! lemapean 40 lagun inguru bildu dira Iruñean, UPNren egoitza parean. -3 gradu egiten zituen, baina hala ere hiru pankarta zabaldu zituen EHEk Vianako Printzea plazako biribilgunean. Sortzen Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak eta AEK eragileak han izan dira. Iruñerriko beste eragile batzuek ere babesa eman zioten agerraldiari, besteak beste gazte asanbladak, ezker abertzalea, Bildu, jai batzordeak, euskalgintzako eragileak eta abarrek Iruñea aldeko herri eta auzoetan.
Beste behin ere, erdaraz egin beharko dute Baxoa Ipar Euskal Herriko ikasleek. Horregatik, mobilizaziorako deia egin du Seaskak. Ostegunean izanen da, Baionan, eta hainbat eragilek babestu dute protesta: Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Behatokia eta Euskal Herrian Euskaraz. Euskaraz bizitzeko eskubidea berriz ere ezbaian jarri nahi du Frantziako Estatuak.
Euskarazko eredua nahi dute Arrosadiako (Iruñea) euskaltzaleek. Izan ere, haur eskola berria eraiki dute auzoan, baina ez du euskal eredua eskaintzen. Egoera salatzeko hainbat protesta antolatu dituzte hurrengo hilabeteetarako, eta lehenbizikoa bihar izanen da. Haur eskola euskalduna eskatzeko sinadurak biltzen ari dira.
Agurainen izan zen duela hile eskas 2010eko Araba Euskaraz jaialdia, eta aurkeztu dute jada 2011koa. Laudio Ikastolak hartuko ditu bere gain Arabako Ikastolen aldeko jaiaren prestakuntza lanak, eta Laudion bertan ospatuko dute jaia laugarrenez, hitzorduaren 40. urtemugarekin batera. Leloa, sinplea bezain indartsua da, Bagare, eta 40 urte luzez egindako ibilbideari erantzuten dio. Egunean bertan, datorren urteko ekainaren 19an hain zuzen ere, duela lau hamarkada bidea hasi zutenak omenduko dituzte; izan ere, "izan zirelako" bagare.
|
Euskaraz bizi sarean