• 22
    URT

    Bitxi samarra dirudi aukeratu dudan izenburuak, baina gure gaztetako testuinguruan ez bezala, gaur egungo gizarte-ezaugarririk nabarmenetakoa da morrontza ideologikoaren fenomenoa.Analfabetismo digitalaz asko hitz egiten da gaur egun eta gure belaunaldiak badaki zerbait horri buruz. Analfabetismo ideologikoari dagokionez, esan dezagun, ideologien arteko harremanak kudeatzeko behar hainbateko gaitasun kritikorik ezaren ezaugarria izango litzatekeela kontzeptu hori egokien definitzen duena. Mundu ideologikoan bizitzeko eta jarduteko desarmaturik dabilen pertsona izango genuke, nolabait esateko, analfabeto ideologikoa. Bistakoa denez, analfabetismo ideologikoak lotura zuzena dauka ideologia dominatzailearekin: hauxe du iturri eta elikagai. 

    Analfabetismo ideologikoak Euskal Herrian har ditzakeen forma batzuk, adierazpen batzuk, begiz jo nahi nituzke artikulu honetan. Nola gauzatzen den gure artean. Zertan hezurmamitzen den. Zerrenda moduko bat egingo dut horretarako, auzi batzuetan nola gauza litekeen iradokitzeko. 

    Analfabetismo ideologikoa egon daiteke Egunkaria-ren auzian justiziarik ez dela egingo uste izatean, epaiketa antolatu dutenak justizia egin dezaketenak direla iradokitzen duen neurrian. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke euskaldunoi egiten zaizkigun gainerako epaiketa guztietan justiziarik ez dela egiten uste izatean, epaiketa antolatu dutenak justizia egin dezaketenak direla iradoki dezakeenez. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke nazio zapaltzaileko epaile nazionalistek nazio zapalduko akusatu eta etsai nazionalistei justizia egin diezaieketela pentsatze hutsean. 

    Analfabetismo ideologikoa egon daiteke estatu etnozentriko batek bere nazio-etniaren identitate-ezaugarriak berez dagokion nazio-lurraldeaz gaindi (Euskal Herrian, Katalunian...) inposatu arren estatu hori demokratikoa -zuzenbide estatua- izan litekeela uste izatean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke espainol edo frantses izatera behartzen gaituzten neurrian bakarrik onartzen gaituzten estatu etnozentrikoekin harremanak eduki nahi izatean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke Euskadiren nazio-eraikuntzan ari dela usten duenaren jokaeran, Euskadirentzat egiten duen gauza bakoitzeko Espainiarentzat halako ehun egin dituela ohartzen ez delako. 

    Analfabetismo ideologikoa egon daiteke GAL eratu zuen alderdi politikoko kide batek GALen ekintzak gaitzestean demokraziaren zigilua daukala pentsatzean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke munduko berrehun bat estaturen biolentzia legez zilegi eta demokratikoa dela uste dugunean eta gainerako sei mila herri zapalduren (balizko) biolentzia etikaren aurkakoa dela iriztean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke estatu espainolaren eta frantsesaren uneoroko biolentzia legal erakundetua Euskal Herrian zilegi eta bidezkoa dela uste duenaren baitan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke Euskal Herriko orainaren baitan iraganeko okupazio, genozidio eta etnozidioen ondorioak antzemateko gaitasunik ez duenaren ikuspegian. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke humanismoaren eta etikaren izenean estatu etnozentrikoari erantzuteko euskal herritar batzuek eragindako hilketen aurrean herri hau isilik eta konplizitatean egon dela pentsatzen duenaren buruan. 

    Analfabetismo ideologikoa egon daiteke eskubideak jatorrizko hizkuntzaren, kulturaren, lurraldearen, historiaren eta identitatearen herriari dagozkiola pentsatu ordez duela mende gutxi batzuk gainjarritako estatu etnozentrikoek ematen dizkiguten hiritartasun-eskubideetan daudela pentsatzen dugunongan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke, munduko ehunen bat estatuk gehiengo parlamentarioaren izenean gutxiengoen sei mila bat hizkuntza, kultura eta herri-identitate hiltzeko eskubidea dutela pentsatzen duenaren burubidean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke sistemarik onena estatu etnozentrikoen parlamentuko gehiengoak ezarritako etnozidio-politika dela uste duenarengan. 

    Analfabetismo ideologikoa egon daiteke aniztasunaren, demokraziaren eta elkarbizitzaren izenean estatu etnozentrikoek gurean inposatu dizkiguten hizkuntzak, kulturak, historiak, lurraldeak eta identitateak euskaldunonak bezain hemengoak eta zilegi direla pentsatzen dugunean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke pluraltasunaren izenean Euskal Herrian beste nazio bateko alderdi politikoek, edozein erakundek eta pertsonek nazio-identitateari dagokionez interesatzen zaiena egiteko askatasuna eta eskubidea dutela uste izatean. 

    Analfabetismo ideologikoa egon daiteke herri euskaldunaren egungo kinka batez ere frankismoak eragindakoa dela pentsatzen dugun bakoitzean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke, onkeria tarteko, etorkinen eta kolonoen jokabideak bereizteko gaitasun askirik ez daukanaren baitan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke euskotarrak edo espainieraz bizi diren abertzaleak -espainol izan nahi ez duten espainolak- herri euskaldunaren arerio baino areago lankide fin direla uste izatean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke euskaldunok euskaldun gisa -alegia, geure hizkuntzan eta ez beste inorenean- bizitzeko eskubide osoa daukagula dudatan ipintzen duenaren burubidean. 

    Analfabetismo ideologikoa egon daiteke hizkuntzak ez direla inposatzen uste duenarengan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke euskara ez dela inposatu behar dioenaren irizpideetan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke «Erdara ere hemengoa da, gero!» formulazio ideologikoa egia hutsa dela uste duenarengan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke espainol euskaltzaleak edo euskaltzale espainolistak benetan euskararen eta herri euskaldunaren alde dihardutela uste izatean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke hemengo espainiarren eta frantsesen mundu linguistikoan eta kulturalean integratzeko kontzientzia-arazorik sentitzen ez duen euskaldunaren portaera soziolinguistikoan. 

    Analfabetismo ideologikoa egon daiteke munduko herri guztiek, Euskal Herriak barne, autodeterminatzeko duten eskubidea zalantzapean ipintzen duenaren irizpideetan.

     

     

     

    JOXE MANUEL ODRIOZOLA

    EUSKARA IRAKASLEA