GARBIÑE PETRIATI. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria
"Gurasoek euren seme-alaben hezkuntza, kultura eta aberastasuna bermatzeko ahalegina egiten duten bitartean, administrazio ezberdinek ez dute eskubide hori bermatuko duen hezkuntza-ereduarekin asmatu"
Txikiak hezteko ilusioa, maitasuna eta ardura dira guraso guztiek konpartitzen duten abiapuntua umea jaiotzen den unetik. Horrela, gurasoentzako oso garrantzitsua da haurra eskolan lehen aldiz matrikulatzeko erabakia. Etorkizunari begira, euren seme-alabei eragingo dien erabaki inportantea baita aita-amek hartu behar dutena.
“Guraso guztiek bezala, nik ere hoberena nahi dut nire seme-alabentzat”. “Nire semeak euskaraz ikastea nahi nuen, hori garbi neukan, baina ezin izan dut nire herrian euskaraz eskolatu. Eta hiru urterekin nire semea beste herri batera joateko taxi batean sartu nuenean sentitu nuen bihotzondokoa…”, “Umeak fardo baten moduan kotxean atzera eta aurrera, gastuak, kezka… Nafarroan bertan 14 kilometrotara dagoen herriko umeei legeak aitortu egiten die eskubide hori…”
Horrelaxe adierazten dute euren amorrua Argik eta Lurdesek, Mendigorria eta Artaxoako gurasoak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak pasa den urteko abenduan aurkeztutako Maite ditugulako dokumentalean. Nafarroan seme-alabak euskaraz ikasteko eskubidea ez die legeak bermatzen eta, ondorioz, diskriminaturik eta umiliaturik sentitzen dira etxean arrotz tratatzen dituztelako.
“Iparraldean ere badago arazo hori eta gure autobus bidaiez oroitu naiz. Agian Vascuencearen legea ez baina zailtasunak badira eta. Horien artean Bernat Etxepare lizeoan ikasteko (iparraldean batxilergoa euskaraz egiteko toki bakarra) batzuek aste osoa pasa beharra etxetik kanpo…”
Hala mintzatzen zen dokumentala ikusi eta gero Argi eta Lurdesi animoak eman eta elkartasuna helarazteko idatzi zion Ipar Euskal Herriko guraso batek.
Mugaren alde bateko zein besteko guraso hauek euren seme-alaben etorkizuna euskaraz izatea nahi dute eta euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekoa den urratsa ahalbidetuko dien pausua eman dute: hizkuntza ezagutzea.
Baina, seme-alabekiko maitasunez, haien hobe beharrean eta eskubide osoz hartutako erabakiak oztopo larri bat aurkituko du: euskaraz ikasteko eskubidea bermatu beharko lukeen administrazioa da euskara ikasteko eskubidea ukatu eta urratzen diena.
Euskal Autonomia Erkidegoan, herritarrei hizkuntza ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea aitortu egiten bazaie ere, Derrigorrezko Hezkuntza amaitutakoan bi hizkuntza ofizialak ezagutuko dituztela ezarrita badago ere, gazteek ez dute behar adinako euskara mailarik lortzen. Ez da berma segurua izan eta eskolan lortzen duten euskara maila ez da aski.
Gurasoek euren seme-alaben hezkuntza, kultura eta aberastasuna bermatzeko ahalegina egiten duten bitartean, administrazio ezberdinek ez dute eskubide hori bermatuko duen hezkuntza-ereduarekin asmatu. Ondorioz, gazte horiek duten euskara jakin eta erabiltzeko eskubidea ez da bermatzen eta, hedapenez, euskaraz bizi nahi dugun euskaldunona ere ez.
Oinarri-oinarrizko giza-eskubideak dira hizkuntza-eskubideak. Hizkuntza-eskubideak bermatzen ez dituen administrazioak herritarren giza-eskubideak urratzen ditu. Haurrak, gazteak, etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko politikak ez badu emaitzarik ematen, ezinbestean beste politika berri bat egin behar da.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean