• 18
    OTS

    JOSEBA ALVAREZ. Ezker Abertzaleko kidea

    "Euskararen normalizazioari zein sortu nahi dugun Euskal Herri euskaldunari begira, lehentasunezko betekizuna da gure herriko eragile politikoak, sozialak, sindikalak edota ekonomikoak, euskararen aldeko mugimendu izatetik, mugimendu euskaldunak izatera pasatzea"

    Euskara da Euskal Estatua bermatzen duena, eta ez alderantziz. Euskararen etorkizunaren inguruko hausnarketek baieztapen zorrotz horretatik abiatu beharko genituzke benetako irtenbidea finkatu nahiko bagenu. Hots, Euskal Estaturik gabe euskara normalizatzea ezinezkoa da, baina Euskal Estatuak, ezinbestekoa izanik ere, ez du berez euskararen etorkizuna bermatzen. Munduan bada nahiko adibide baieztapen hori ziurtatzeko. Aldiz, argi eta garbi esan behar dugu, euskara dela Euskal Estatua bermatzen duena, ez baitago euskararik gabeko Euskal Estaturik, Euskal Errepublikarik, euskararik gabeko Euskal Herririk ez dagoen neurri berean. Arazoa beraz, nagusiki politikoa da, errealitatea soziolinguistikoa eta konplexua den arren.

    Hausnarketa beretik jarraituz, euskararen aldeko lana egingo duten indar politiko, sozial, sindikal eta ekonomikoak beharrezkoak dira, ezinbestekoak, baina aldekotasun horrek ez du, bere horretan, subjektu horien egitasmoaren euskalduntasuna bermatzen. Aldiz, euskara da subjektu  horiek dituzten egitasmoen euskalduntasuna bermatzen duena. Beste hitzetan esanda, euskaraz sortzen, lantzen eta burutzen diren proiektuak dira  euskalduntasuna bermaturik duten bakarrak.

    Gauzak horrela, euskararen normalizazioari zein sortu nahi dugun Euskal Herri euskaldunari begira, lehentasunezko betekizuna da gure herriko eragile hauek guztiak, politikoak, sozialak, sindikalak edota ekonomikoak, euskararen aldeko mugimendu izatetik, mugimendu euskaldunak izatera pasatzea, hau da, beraien egitasmoa, zeinahi delarik, euskaraz sortu, landu eta burutuko dutenen euskal mugimendu bilakatzea. Horretarako, gaurdanik eragile hauek beren barne bizitza osoa euskaraz egiteko bitartekoak jarri eta erabakiak hartu behar dituzte. Kanpora begira, aldiz,  euskarari lehentasuna emango dion erabilera elebiduna edota eleanitza bideratuz, egoera soziolinguistiko ezberdinen arabera. Hori da etorkizuneko Euskal Estatua bermatzeko bide bakarra.  

    Besteak, Euskal Herri euskalduna helburutzat ez dutenak, euskarara hurbildu behar ditugu. Ezagutzen ez dena ez dago maitatzerik, eta hauetako gehienek ez dute ez euskara, ezta euskal kultura ere ezagutzen. Gureganatzea ezinezkoa bada ere, hurbildu ditzagun euskara eta euskal kulturara, etorkizunean beraiek oztopo bilaka ez daitezen. Izan ere, hauek guztiak, naziotasunez aldatzen ez duten bitartean, ez dira sekula euskal mugimenduko partaide kolektiboak izango, zenbait kasutan euskararen aldekoak edota Euskal Herriarekiko neutralak izan badaitezke ere.     

    Dena den, hori guztia lortzeko, batzuk euskal mugimendu bilakatzeko eta besteak euskara eta euskal kulturara hurbiltzeko, herri presioa ezinbestekoa da. Izan ere, gaur gaurkoz, eta egun indarrean dagoen sistema politikoa aldatzen ez den bitartean, indar politikoak dira jendarteak bizi dituen arazoak konpontzeko hartu behar diren neurriak onartzeko eskumena duten bakarrak. Bestetik, normalean, indar politiko horiexek ere dira neurriak proposatzen dituztenak, nahiz eta proposamen legegileak egiteko bideak jendarteak badituen. Hori bai, proposamen legegile horiek tramitatzerakoan, berriz ere indar politikoek dute azken hitza. PNVk zuzentzen duen Gasteizko Legebiltzarrean, adibidez, Frackingari buruzko jendartearen proposamen legegilea atzera bota dute. Aldiz, PPk zuzentzen duen Mardilgo Kongresuan, PPk berak hasieratik kontrakoa esan zuen arren, azkenean desjabetzeen inguruko jendartearen proposamen legegilea onartu egin behar izan du, presio sozialaren aurrean amore emanez. “Sí se puede” (“Bai, posible da”)... oihukatzen zuten proposamen legegilearen aldeko herritarrek.

    Euskal Herrian, bitartean, Euskalerria Irratiari ez diote frekuentziarik eman, Werten egitasmoa abian jartzera doaz, Seaskako ikastolen etorkizuna zalantzan jarri dute edota haur eskoletan gaztelera gehiago sartzea erabaki dute PNV, PP eta UPyDk... Eta herri erantzuna benetan epela izan da. Ez dago euskararen aldeko benetako presio sozialik, diru truke desmobilizatu egin gaituzte eta ideologikoki kamustu. Hori da aldatu behar duguna, arestian aipaturiko euskal mugimendua osatu eta besteak euskarara hurbildu nahi baditugu.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.