• 17
    UZT
    Nahi eta ezinaren kronika
    GarbiƱe Petriati, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria

    "(...)  euskaraz aritzeko oztopoek sortzen duten ezintasunaz gain, tratu zakarra eta errespetu gabekoa eta euskaldunon duintasunaren eta nortasunaren kontrako jarrera adeigabeak ere jasan behar izan dituzte"

    Esaldi honetan biltzen da Behatokiak hizkuntza-eskubideen egoeraren inguruan aurkeztu berri duen 2012 Urteko Txostenaren argazki-oina. Euskal hiztunekiko lehendik zetozen joerek bere horretan segitu dute 2012an eta, oroz gainetik, euskaraz bizi nahi eta ezin duten pertsonen bizipenak jasotzen ditu. Hamaika traba izan dira euskaraz hitz egiteko eta erdaren hesiarekin egin dute topo behin eta berriro euskal hiztunek. Nabarmenak dira egunero sortu diren zailtasunak eta euskaldunak ahalegin gehigarria egin behar izan du euskaraz bizi ahal izateko, ohiko funtzionamendua, lehenetsitakoa, erdaraz garatzen delako:

    - Euskaraz aritu nahi baduzu, bihar deitu.
    - ….No te endiendo me puedes hablar en español? (Ez dut ulertzen, espainolez hitz egin dezakezu?
    - Les documents que l´administration fiscale adresse aux contribualbles n´ont pas à être régidés dans une autre langue autre que le francais. (Dokumentuak ez dira frantsesa ez den beste hizkuntza batean zuzenduak izaten ahal).

    Herritarrek Behatokira helarazitako gertaerek, egunez egun euskal hiztunek bizi duten errealitatearen lagin txiki bat besterik ez dira.  Euskararen herrian euskaraz hitz egiteko hamaika traba gainditu behar dituzte euskal hiztunek. Euskal Herriko administrazio maila guztiekin, Estatu administrazioekin, administrazio autonomikoekin, toki administrazioekin eta sektore sozioekonomikoarekin zerikusia duten gertaerak helarazi dizkigute herritarrek 2012 urtean zehar. Zenbaitetan, gainera, euskaraz aritzeko oztopoek sortzen duten ezintasunaz gain, tratu zakarra eta errespetu gabekoa eta euskaldunon duintasunaren eta nortasunaren kontrako jarrera adeigabeak ere jasan behar izan dituzte.

    Gertaera horien guztien atzean pertsonak izan dira. Pertsonei, herritarrei, ukatu zaie 2012an berezko hizkuntza erabili ahal izatea. Oraindik ere, sarri, askotan, gehiegitan sentitzen du bazterketa, gutxiespena, nahigabea eta atsekabea euskaldunak bere herrian euskara erabiltzen saiatzen denean.

    Dena den, bada elementu positiborik. Izan ere, Behatokian jaso ditugun bizipen hauek guztiek beste errealitate bat ere uzten dute agerian: hizkuntza-eskubideak baliatu eta euskaraz bizitzeko nahiari erabakitasun irmoz heltzen dioten herritarren ahalegina. Oztopoak oztopo, eguneroko bizitza duintasunez bizi nahi duten herritarren eginahala.  Bejondeizuela 2012 urteko txostenean agertzen diren kasu bakoitzaren atzean zaudetenoi, zuetako bakoitzak bidea zabaltzen diolako euskaraz bizi nahi duen orori.

    Ixteko bokazioz jaio zen Behatokia.  Halere, 2012 urteko erretratuak ez du horretarako zantzurik ematen, eta euskaraz jarduteko eskubidea errespetatzen ez zaienean Behatokira babes bila jotzen duten herritarren ondoan egongo da aurrerantzean ere.

    Garbiñe Petriati Ijurra
    Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.