Udazkena iristearekin batera reality showak ditugu berriro ere mintzagai. Batzuk berriak, eta beste batzuk hamaikagarren edizioa betetzen dutenak, formatuz eta edukiz ez aldatuz gero, astunak bihurtzen direnak, oso.
Horietako reality showa dugu Nafar Parlamentuko Ley del Vascuencearen inguruko “eztabaida”: Lehenengo edizioan, Himalayara oporretara joan zen parlamentariak hartu zuen protagonismo osoa, eta horren ondorioz, Ley del Vascuence bezala ezagutzen duguna bere horretan mantendu zen.
Lau, bederatzi…. Betiko leloaren betiko leloa! Parlamentariek euskara dute hizpide (erdaraz, noski); itxuran beti aldaketaren bat planteatzen dute, baina sakonean, ezer ez. Parlamentuko eztabaida, hamaikagarrenez, berriro ere antzua izan da, euskarari jarri beharreko mugez besterik ez baita hitz egin, eta ez euskarak behar duen erroko aldaketaz, edota euskararen normalizazioaz.
Hogeita hiru urte pasa dira euskaldunoi lege arrotz hau ezarri zigutenetik, eta egun ezin gara euskaraz bizi haiek adostutako zonifikazioaren edozein zonaldetan bizi garelarik ere. Okerrena da, horrenbeste urte pasa eta gero, alderdi politiko guztiek zilegitasun osoa ematen diotela legeari. Irudikatu eta sinestarazi nahi digute, egun Euskal Herriak eta euskarak bizi duten zatiketa administratibotik eta horietatik eratortzen diren Ley del Vascuence bezalako sasi-legedien garapenetik, euskara normalizatzea eta euskaraz bizi ahal izatea posible dela. Hau da: Ley del Vascuence euskaldunontzat onuragarria eta baliogarria izan dakigukeela; sorreratik, euskara eta euskaldunon hizkuntza eskubideak mugatzeko lege-muga izan dela, eta oraindik egun dela ehuneko ehunean dela indarrea ahazturik.
Nafar Gobernua, hala ere, aspaldi konturatu da gizartean reality show honek arrakasta galdu duela, euskal komunitatea neka-neka eginda dagoela, sasi-legeak sinesgarritasunik ez duela... Eta beraz, gabezi horiei guztiei aurre egiteko, telesail berritu bat izanen dugu aurki: EUSKARABIDEAren 2009-2012rako PLAN ESTRATEGIKOA. Helburua, orain arteko hizkuntza politika etnozidarekin modu sibilinoan jarraitzea, eta euskaldun eta euskaltzaleak besaulkietan jesarririk mantentzea (idatziz horrela jasoko ez badute ere).
EUSKARABIDEA ez da fama hobeagoa izan duen telesaila, hasieratik, zalantzak, gabeziak eta promesa faltsuak besterik ez baititu erakutsi. Baina oraingo honetan eraberriturik dator, eta horrela irudikatu nahiko dute hurrengo egunetan eginen duten Plan Estrategikoaren aurkezpenean: Ahotsak, Xabier Azanza txotxongiloarena izaten jarraituko du; gidaria, Perez-Nievas, beti bezala; berrikuntza nagusia, aurkeztuko duten 2009-2012 Plan Estrategikoak, EUSKARAREN NAFAR KONTSEILUAren (ENK) aldetik izanen duen onarpen eta babesean egonen da, protagonista berrien inplikazioan (gogoratu ENK-ren osaketan, Nafar Gobernuaren ordezkariez gain, euskalgintzako hainbat eragile, eta euskara eta euskal kulturaren pertsona erreferente ezberdinak daudela).
Plan Estrategiko horrek Ley del Vascuence oinarri eta abiapuntu izanen du, eta Euskararen Nafar Kontseiluaren babesa jasoz gero, euskalgintzako hainbat eragile eta euskaltzaleen onarpena ere lortuko du, Vascuencearen legearen zilegitasuna eta baliagarritasuna alderdi politikoetatik haratago eramanez, gizarteko hainbat sektore euskaltzaleetara hain zuzen ere, hasieran aipatutako helburuetatik UPN-CDN hurbilago egonik. Iruzurra beraz!!!! Beste bat, baina oraingo hau “euskaltzaleen” osaketarekin hobeto makilaturik egonen dena, etorkizunean eraginkortasunean irabaziz. Hori da laster aurkeztuko diguten telesaila.
Argi daukagu zein asmo ezkutatzen den Ley del Vascuencearen eta Euskarabidea-ren Plan Estrategikoaren atzean: administrazioaren aurpegia zuritzea, euskalgintza neutralizatzea eta euskararen galera eta erdararen asimilazio prozesua azkartzea. Garaia da beraz, euskaldunok besaulkietatik altxatzeko, Euskal Herrian diren administrazio ezberdinek eskaintzen eta eskainiko dizkiguten reality show eta telesail iruzurgileen aurrean tinko erantzuteko. Ez gaitezen horietan jausi. Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu gure herrian, Euskal Herrian. Hori egun ez da posible, eta beraz horrelako iruzurren aurrean, ezinbestekoa da Euskal Herri euskaldunaren bidean sakontzen joatea.
Euskarak aldaketa behar du, erroko aldaketa. Euskarak, menpeko izatetik lehentasunezkora pasa behar du. Eta hori, burujabetzaren bidetik, kanpo hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabea garatzeko eta euskaraz biziko garenon herria berreraikitzeko tresnak lortuz izanen da. Indarrak aktibatzeko garaia iritsi da beraz, euskaldunok zapalduta dauzkagun hizkuntza eskubideen defentsan beste urrats bat emateko garaia, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan aldarrikatzen jarraitzeko garaia, iruzurrak salatzeko garaia, gune euskaldunak babestu eta berriak sortzeko garaia; norbanakoen jarrera eta jokabideetan eragiteko garaia, euskararen normalizaziorako plan estrategikoak herrietan bultzatzeko garaia…. Bide honi ekinez gero, Euskal Herri euskalduna hurbilago izanen baitugu, elkarlana giltzarri. Esperientziak eta adibideak hamaika dira; azkenetarikoa, iaz lorturikoa Noain herrian (politikarien zonifikazioaren arabera zonalde ez vascofonoan kokaturik) herritarren borrokari esker irekitako D ereduko ikastetxea. Hau da gure determinazioa, hau da gure apustua, urte askotan herri mugimenduak lortutako aurrerapausuen arrazoia.
Gora Euskal Herri euskalduna!!!
Gora euskararen aldeko borroka!!!
Nestor Esteban Scaloni.
Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea.
|
Euskaraz bizi sarean