"Etnozidioaren politikak ez du bakarrik konkistatzen, kolonizatzen, zapaltzen eta jazartzen. Hori egiteaz gainera, jatorrian zegoen arazoaren gatazka-iturri harekiko erreakzio-gaitasuna desagerrarazi egiten ditu"
Etnozidioa herri baten hizkuntza, kultura eta identitatea suntsitzeko politikari deitzen badiogu, gizarte-arazo honek badauka gainerako gizarte-auzi askok ez daukaten ezaugarri bereizgarri bat. Gainerako gizarte-gatazka gehienek ez daukate, nolabait esateko, iraungitze historikorik. Munduan gosea eta miseria sortzen duen sistema bat dagoen bitartean, demagun, giza eskubideak urratu egingo dira, eta horrek noizbait erreakzioak sorraraziko ditu. Antzera gertatuko da orotariko desberdintasun eta injustizia sozial eta ekonomikoekin. Genero-zapalketa dagoen bitartean, emakumearen giza eskubideak urratu egingo dira, eta bidegabekeria hori ez du denboraren joanak ezabatuko. Antzera gertatuko da sexu-identitatearen inguruko auzietan, eta abar.
Zertan da, beraz, etnozidioaren bereizgarria gainerako auzi horiekiko? Gure ustez, honako honetan: beste horietan ez bezala, etnozidioaren politikak ez du bakarrik konkistatzen, kolonizatzen, zapaltzen eta jazartzen. Hori egiteaz gainera, jatorrian zegoen arazoaren gatazka-iturri harekiko erreakzio-gaitasuna desagerrarazi egiten ditu. Iraungiarazi. Jakina, ez da fenomeno natural bat. Ez da berezko iraungitze bat. Gaur, esaterako, bretoi gehien-gehienak bretoi izan eta hala sentitu ordez frantses sentitzea ez da gertakari naturala. Euskaldun anitz frantses edo espainiar sentitzea ez den bezala.
Beraz, helburu bikoitza lortzen du estatalizazio etnozidak. Lehendabizi, bere nazio-sistemaren identitatearekin bat ez datorren arerioa mendean hartu eta hura birrindu egiten du, eta birrintze horren ondorioz, herri menderatuaren desnazionalizazioa, asimilazioa eta ordezkapena tarteko, gatazkaren iturrian zegoen identitate-arazoa iraungiarazten du. Estatu etnozidak, lehendabiziko fasean, hots, konkistak, genozidioak eta jazarpenak dauden horretan, giza eskubideak jota txikitu egin zituen, baina orduan oso ohikoa omen zen hori gertatzea. Orduko hartan ez zeukan nonbait bere burua justifikatu beharrik garai hauetan Israelek Palestinari eragiten dizkion basakerien antzekoak egiteko.
Denboraren joanean, herri menderatuaren hizkuntza, kultura eta identitatea ordezkatu dituen neurrian, estatu etnozidak erdietsia dauka begiz joa zuen helburua. Esaterako, Frantzian bretoi, euskaldun edo okzitaniar izaterik ez dago hartarako baldintzarik ez dagoelako, baina, oro har, ezta beharrik ere. Izan ere, bretoi, euskaldun eta okzitaniar izateko gogo eta motibazio askirik ez dagoenez, jende horren giza eskubideak iraungiarazi egin ditu estatu frantses etnozidak. Asimilatuak ez dauka berari edo bere aurrekoei eragin dioten bestelakotzearen kontzientziarik.
Adibide berberarekin jarraitzeko, bretoi gehienentzat eta alde bateko eta besteko euskaldun ez gutxiagorentzat, giza eskubide urraketarik ez dago jadanik. Zure nortasuna frantsesa edo espainiarra baldin bada, zer dela-eta hasiko zara ez zaren zerbaiten aldeko giza eskubideak aldarrikatzen? Ez zaitu sufrikarioak bizi. Ez duzu zure giza duintasuna ukatua eta gutxietsia sentitzen. Aldiz, goseak eta miseriak jota dagoenak badu motiborik giza eskubideak aldarrikatzeko belaunez belaun. Baita langile ustiatuak ere. Baita emakume gutxietsi eta baztertuak ere. Baita sexu-bereizkeriak hartaratuak ere. Ez, ordea, jatorrizko hizkuntza, kultura eta herria mendean hartu eta asimilazioaren alperra gainetik pasatu ondoren jadanik bere giza identitatearen dimentsio hori ezabatu diotenak. Hori nekez hasiko da borrokan noizbait bere herriari ukatu zizkioten giza eskubideen alde, baldin eta, beti dago salbuespenik, bere nazioaren historiaz jakitun izanik kontzientzia eta memoria historiko sendo bat garatu ez baldin badu.
Etnozidio-prozesuen izaera eta mekanismo maltzur eta zital hori gezurtatu egingo dit agian baten batek. Itzulbiderik gabeko mekanismo hori ez dela horren zurruna. Ondorengo belaunaldiek berreskura dezaketela aurrekoei erauzitakoa. Salbuespenik egon daiteke, jakina, baina salbuespenak ez du hori besterik adierazten, ez dela lege. Bretainiako Diwan eskoletan bretoieraz ikasi eta jatorrizko hizkuntza berreskuratu duten bretoientzat, frantsesentzat frantsesez bizitzea bezain ezinbesteko giza eskubidea izango ote da? Ezta hurrik eman ere. Etxera begira, beste horrenbeste gertatzen zaigu euskaldunoi. Hegoaldeko euskaldun gehienentzat ez da espainiarrentzat bezain oinarrizko eskubidea beren hizkuntzan bizi ahal izatea. Espainiarrentzat giza duintasuna —bizitza duin baterako baldintza— bera dago jokoan, gizatasuna bera. Euskaldunok ez dugu intentsitate maila horretan bizi eta sentitzen hizkuntza-eskubidea. Zergatik ote? Arestian aletu ditugun mekanismo maltzur eta zital horietan aurki ditzakegu erantzun-izpi batzuk.
Diogun bezala, giza eskubideen aurkako politiketan etnozidioarena guztiz berezia eta makurra da. Kapitalak ustiatu eta giza duintasuna zapaltzen du, baina mendean daukanaren erreakzio-gaitasuna ezin du erabat apaldu. Etnozidioak gauza bera egiten du maila batean, mendekoaren duintasuna larrutzen du honen hizkuntza, kultura eta herri-identitatea erauziz, baina horretaz gainera, mendean hartu duenaren erreakzio-potentzialitatea iraungiarazi egiten du bere nortasun-izaera ezarrita. Etnozidioa nozitu dutenen oinordekoek eskuarki ez daukate erreakzio-gaitasunik ordezkapenak eragin duen asimilazioagatik.
Prozesu etnoziden ezaugarri berezi hau ez dugu behar adina azpimarratzen. Pentsatzen dugu etorkizuna luzea dela. Etorkizuna luzea izan liteke giza eskubideen aldeko alor askotan. Gaur oraindik inondik inora betetzen eta mamitzen ez diren giza eskubide batzuk bihar-etzi gorpuztuko dira giza duintasunaren aldeko txingarra itzaltzen ez den bitartean. Hori nekez gerta liteke, hala ere, etnozidioaren prozesu gaiztoan. Euskaldunok azken saldo horretan gaude. Alegia, giza eskubideak urratzeaz gain giza eskubideen alde jarduteko eta borrokatzeko gaitasuna eta potentzialitatea iraungiarazten dioten taldean.
Joxe Manuel Odriozola, euskaltzalea
(berria.info-tik hartutako iritzi artikulua)
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean