"Euskal Herria euskalduna baldin badugu helburu, norbanakoetan baino taldeetan pentsatu eta han eragiteko politika diseinatu eta egin beharko genuke"
V. Inkesta Soziolinguistikoaren ondorioetako bat da etxe barruan euskararen erabilerak zerbait behera egin duela. Datu hori ulertzeko beste datu bat ere kontuan hartu behar da, arrazoi bakarra hura izango ez den arren, inkesta egin denean jende gutxiago bizi dela kide guztiak euskaldunak dituzten etxeetan 1991n baino. Hor daude datuak, eta haien gainean irakurketa baikor edo ezkorragoak egin daitezke, baina batez ere horri buelta emateko zer egin beharko genukeen da bereziki interesatzen dena, eta horri eskaini nahiko nioke gaurko gogoeta.
Etxe barruan euskararen erabilerak behera egitea ez da harritzekoa, baldin eta gero eta euskaldun gutxiago bizi bada denak euskaldunak diren etxeetan. Josu Amezagak ondo azaldu duen bezala “euskaldunak, gaur egun, erdaldunen artean sakabanatuta bizi diren pertsonak dira. Gehienak gutxiengoan bizi dira bai etxean, bai herrian”. Hizkuntzek zentzua kolektibitateetan hartzen dute, komunikazio tresnak direlako, eta hizkuntza bat edo bestea erabili komunikazio ekintza horretan parte hartzen dutenen hizkuntzaren ezagutzaren baitan egongo da, eta etxeko guztiek ez badakite euskaraz ohikoa izango da etxe horretan komunikazio ekintza asko edo guztiak erdaraz gertatzea. Etxeetan euskara dakitenak eta ez dakitenak batera bizi badira, agerikoa da han gailenduko dena, gehienetan, erdara izango dela.
Esan bezala, datuak kontuan hartuta, irakurketa baikorrak eta ezkorrak edo ez hain baikorrak egin daitezke. Hasteko, positiboa da gero eta etxe gehiago izatea mistoak hizkuntza aldetik, hots, euskaraz hitz egiteko gai direnak eta ez direnak batera izatea. Horretarako arrazoiak izango dira gehienetan euskaldun eta erdaldunek elkarrekin bizitzea erabaki dutela, eta etxe horretan jaio diren haurrek euskara ikasi dutela eredu euskaldun batean ikastearen ondorioz. Alegia, esaten ari gara gero eta euskaldun gehiago dagoela, batez ere gazte eta haurren artean, eta ondorioz gero eta etxe misto gehiago dugula. Beraz, gero eta etxe gehiagotan topatuko dugu euskaraz dakien kideren bat, lehen erabat erdalduna zen tokian. Urrats bat da, dudarik gabe.
Datu ezkorra da euskalduntzen egiten den ahaleginak, ondoren, estatistiketatik aparte, eragin apala duela edo ez duela batere, ikasi arren erabiltzeko ingururik ez duelako euskalduntzen ari den edo euskaldundu zen pertsona horrek. Eta hor sortzen zaigu erabileraren arazoa.
Aurreratu bezala, datua erabat normala da, duela gutxi arte garatu izan den hizkuntza politika norbanakoengan oinarritu izan delako eta ez izaera kolektiboan. Gero eta euskaldun gehiago izatea oso garrantzitsua eta positiboa da, ez dago dudarik, baina hizkuntza bizia eta herri euskalduna nahi baditugu ez da nahikoa, hizkuntzak balioa ekintza kolektiboetan badu, hizkuntza politikak kolektibo horien euskalduntzea hartu behar du batez ere kontuan, eta horren baitan kokatu norbanakoen euskalduntzea.
Egunotan, datua behin eta berriz aipatu izan denean, askotan etorri zait gogora 80ko eta 90eko hamarkadetan AEKtik etengabe zabaltzen zen mezua: euskararen normalizazioa ezin da haurren baitan bakarrik utzi, helduen euskalduntzea ezinbestekoa da. Ez dago ezer asmatu beharrik, duela urte batzuk egiten genuen gogoeta bera kontuan hartu eta politika sendoak egitea da bidea, baldin eta hizkuntza normalizazio eraginkorra badugu helburu.
90eko hamarkadaren hasieran ideia batzuk lantzen hasi zen AEK, familien eta koadrilen euskalduntzea bezalako ideiak hasi ziren garatzen, taldeen euskalduntzea eta erabilera kontuan hartuta; eta garai berean, abiatu ziren lan mundua euskalduntzeko lehen urratsak ere lantegietan bertan. Lan mundua euskalduntzeko aukerak egin du bidea ondoko urteetan, baina familia zein koadrilak euskalduntzeko ekimenak oso banakakoak izan dira.
Familien euskalduntzeko ekimenetan, helburua argia zen: haurrak euskal ereduetan matrikulatzen zituzten gurasoak ere euskara ikastera animatzea eta euskara familia hizkuntza izateko urratsak egiten hastea, batera bi erronka lortu nahian, batetik, etxeko guztiak euskaldunak izatea, eta bestetik, euren arteko harremana euskaraz izateko ohiturak aldatzen joatea, era programatu batean.
Urte askotan, hizkuntza normalizazioa eta hizkuntza politika norbanakoengan pentsatuta garatu dira Euskal Herrian, eta horren emaitzak zein izan daitezkeen ikusten ari gara. Euskal Herria euskalduna baldin badugu helburu, norbanakoetan baino taldeetan pentsatu eta han eragiteko politika diseinatu eta egin beharko genuke.
Azken asteotako aipamenen artean, irakurri izan dut datu positiboa belaunaldi gazteen euskalduntzea dela eta hor dagoela etorkizuna. Bai, positiboa da belaunaldi gazteetan euskaldunak gehiago izatea, baina aurrera begirako politika berriro haurrei begira egiten bada –orain arte bezala–, hemendik urte batzuetara esango dugu euskaldun gehiago –hori ere ez asko– badugula baina euskararen erabilerak ez duela gora egiten. Eraginkorrak izan nahi badugu, haurren euskalduntzearekin batera helduena ere indartu beharko da, eta haur zein helduen euskalduntzea beren talde naturalean planteatu ikaste prozesua erabilera ohituren aldaketarekin lotuaz.
Inkestek eta azterketek datuak izateko baino gehiagotarako balio behar dute, haietan oinarrituta politika eraginkorragoak diseinatzeko, eta politika eraginkorrago horretan, urratsetako bat bide honetatik planteatu behar da aurrera egin nahi bada.
Joanmari Larrarte
(kanalak.berria.info-tik hartutako iritzi artikulua)
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean