"Uztaritzek zer arriskatzen duen ez dakit. Administratiboki seguraski gauza gutxi. Aldiz, jendartearen sustengu eta atxikimenduan anitz du irabazteko. Oroz gainetik badu xantza bat izateko hizkuntzaren berreskurapenean eredua eta pausua ematen duen lehena"
Uztaritzeko herriak berriki deklaratua du euskara hizkuntza ofiziala bere herrian. Ekintza zoriontzekoa da, duda izpirik gabe.
Prefetak salaketa jarri omen dio, Frantses Konstituzioaren 2. artikuluarekin bat ez datorrelako horrelako erabaki bat eta batez ere hizkuntzaren konpetetentzia ukatu nahi baitzaie lekuko instituzioei.
Zein ondorio izan ditzake horrelako erabaki batek? Gertatu den arte, nik bederen ez dut gogoeta anitz eraman holako bati buruz. Zer pasatzen da erabakia hartu ondoan? Zer eta nola egin, zein lehentasunekin, zein ahalekin?
Hasteko eraginen du herritarren artean kontzientzia eta aktibazioa gogoko proiektu bati lotzeko. Eta borondate on frango inplika lezazke.
Gero, gaurkoan den funtsezko galdera, maila juridikoan, seguraski auzi eta borroka luze bat, behar bada isun bat. Halere, honi buruz zalantzak ditut. Izan ere, beste eskualde batzuetan, hizkuntza minorisatuak deklaratuak izan dira dagoeneko ko-ofizial frantsesaren aldean. Erabaki arrunt inkonstituzionalak. Bretainaren kasuan, bi aldiz gertatu da. Lehenik 2004ean, Bretainia eskualdeko kontseiluak zuen erabakia hartu, honen ondorioak ez dakit xuxen zein izan ziren kronologikoki eta logikoki, baina orduz geroztik Ya d'Ar Brezhoneg karta eta labelizazio sistema martxan eman da, hainbat entitate pribatutan baita entitate publikotan, Bretoieraren erakunde publikoa ere sortu da eta hizkuntz politika bat diseinatu eta aplikatu. Geroztik, berriki, Bretainiako kontseiluak erabakia berretsi izan du. 2012. urtean hain zuzen. Bietan onesten da bretoiera hizkuntza ofiziala dela gallo eta frantsesaren ondoan, Eskualdeko Kontseiluaren organoen eta zerbitzuen baitan, eta konkretuki edozein erabiltzailek duela eskubidea honen erabiltzeko, haratago hala nahi izanez gero hizkuntza honen erabilpena errazteko edo ahalbidetuko dela.
Konkretuki horrek hizkuntzaren erabilpena emendatu ote du? Ez dut datu zehatzik atxeman horretaz. Aldiz hainbat ekimen bultzatu dituela bai: irakasle elebidunen formakuntza, helduen irakaskuntza arloko eskaintzaren azelerazioa, haurren eskolatzea sail elebidunetan, komunikabideen sustapena eta holakoak gertatu direla sendi da dudarik gabe.
Ez dut entzun bataila juridiko-administratiborik eraman denik erabaki honen kontra eta horrelako deusen aztarnarik ez da ageri. Militante talde batzuen kontrako auzi eta isunak, bai, baina instituzioaren kontrako erabaki baten aztarnarik ez dut ikusi nehun.
Kortsikeraren kasuan, oroit gara oraino 2013ko udan nolako tirabiren ondotik onartua izan zen lekuko asanbladan kortsikera hizkuntza ofizial izendatu zela. Erabakia ezetatua izan zen handik biziki gutxira, beti bezala inkonstituzionala irizten baitzitzaion. Kortsikan hizkuntz errealitatea zein da geroztik? Iduriz, hizkuntzaren parametroa integratuz joan dira hala ere, hau da hartu zuten erabakiari eutsi nahi izan diote. Ondorioak ikusteko seguraski sobera goiz izanen da. Bestalde, lurralde hain zabalean erabaki hain inportantea hartzeak (organo guzietan sartzea kortsikera) gauzatzeko ez da batere erraza eta aintzinetik ez bazen dignosia eta plangintza zorrotz bat abiatua izan, ez dakit nola gauza daitekeen, hain epe laburrean diot.
Hortik, ez dakit Frantziak higatu nahi lukeenez, oroz gainetik ahal duenez hizkuntzen defendatzaileen kontra, jendartearen parte geroz eta handiagoak sartuak baitira hizkuntzen aldeko mugimenduetan. Frantsesak ezaguturik doi bat, gogoan izanen dute uztea gauzak galtzen, uztea militanteak itotzen plangintza erraldoietan, zurrunbilo administratibotan eta beren arteko hika-mikatan; usaian bezala, deus egin gabe kontra egitearen teknika hori...
Uztaritzek zer arriskatzen duen ez dakit. Administratiboki seguraski gauza gutxi. Aldiz, jendartearen sustengu eta atxikimenduan anitz du irabazteko. Oroz gainetik badu xantza bat izateko hizkuntzaren berreskurapenean eredua eta pausua ematen duen lehena.
Beste gauza bat da, biziki deserosoa, begi guziak gainean izanen dituela, aldekoak eta kontrakoak, eta erabakiaren ondorioz, eginen dena baino begiratuagoa izanen dela emaitza: gauzak nola egin diren, noraino, zein ondoriorekin, zein kosturekin... Hori izanen baita zailena. Konplikatuena ez da erabakiaren hartzea, konplikatuena da erabakiaren ondorioen neurtzea, helburuak dosifikatzea, planifikatzea eta, noski, “ongi” egitea.
Nik uste iparraldean jende anitzek heldutasun eta jakintzarik nahiko duela euskararen ofizialtasunaren errealitatea gauzatzeko. Lurralde honetan bada jende jantzia eta sustut praktika anitz duena azken urteetan horrelako gauzak bideratzeko. Hau da: bada jendea prest izateaz gain, prestatua ere badena. Bi gauza ezberdin baitira. Eta prestatua ez balitz, errekurtsoak lituzke. Esperantza handia da erabaki honen gauzapenaren arrakastari buruz eta laguntzeko ere jende anitz baliteke.
Bea Salaberri, Euskara irakaslea
(www.erabili.com bidez)
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean