"Herri eta hiri guzti-guztien izen euskaldunak isilduak, baztertuak, zokoratuak eta kenduak izan dira inolako lotsarik gabe, jakinaren gainean, ongi pentsatu, hausnartu, kalkulatu eta erabaki ondoren, eta hori guztia, nonbait, Nafarroako kulturaren izenean"
Abuztu guztian, Nafarroa Garaiko geografian egiten ari dira hainbat kultur ekitaldi, zehazkiago esanda, musika kontzertuak: abesbatzak, ganbera musika, folka, jazza, popa eta beste batzuk.
Hilaren 8an, Zugarramurdiko leizean izan nintzen txistu kontzertu bat ikus-entzuten, eta orduan jaso nuen orain esku artean dudan hil osorako egitaraua; hango informazio bulegoan, alegia. Honako izenburu hau dauka delako egitarauak: Cultur 2014. Navarra Cultura y Turismo. 1-31 de agosto. Jarraitu baino lehen, esan dezadan, egitarau horretan bertan, honako erakunde hauexek agertzen direla antolatzaile, babesle eta sortzaile moduan: Reyno de Navarra, Gobierno de Navarra eta culturanavarra.es webgunea.
Esan gabe doa, egitarauan agertzen den informazio guzti-guztia gaztelania hutsean dagoela. Har beza gogoan irakurleak, egitarau paper hura Nafarroa oso-osorakoa dela, eta goraxeago azaldu dudan bezalaxe, neronek Zugarramurdin bertan jaso nuen, teorian behintzat, Nafarroako Gobernuko jaun-andre burutsuentzat, euskal eremua den horretan; baina, hala eta guztiz ere, lehenago ere esan dudan moduan, den-dena erdaraz dago. Euskaraz ikus daitezkeen bakarrak dira euskal eremuko herrien izenak, baina ez UPN-koen eskuzabaltasunagatik, ez, baizik eta izen horiek euskaraz soilik direlako ofizialak eta, beraz, ez zuten beste erremediorik. Gainerako herri eta hiri guzti-guztien izen euskaldunak isilduak, baztertuak, zokoratuak eta kenduak izan dira inolako lotsarik gabe, jakinaren gainean, ongi pentsatu, hausnartu, kalkulatu eta erabaki ondoren, eta hori guztia, nonbait, Nafarroako kulturaren izenean. Hauexek dira ba, aipaturiko izen ospetsu horiek: Tudela, Monasterio de la Oliva, Marcilla, Ujué, Sangüesa, Javier, Monasterio de Leyre, Isaba, Ochagavía, Aoiz, Pamplona, Puente la Reina, Artajona, Olite eta Monasterio de Irantzu.
Bai, jaun-andreok, zer lotsa gutxikoak, zer azal latzekoak, zer kopeta handikoak, zer odolgabeak, zer bihotz ustelak, zer asmo txarrekoak, zer gogo gaiztokoak eta abar diren Yolanda Barcina, Juan Luis Sanchez de Muniain, Jose Iribas eta bat eta beste!
Xanti Begiristain Madotz, Auritz
(www.berria.eus bidez)
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean