Izan gaitezen intsumiso euskaldunak nazio arroztu eta besterendu batean. Besterik ezean eta hobe beharrez, biderik onena hori dela uste dut, errealitatearen printzipioak irentsi eta birrindu egiten baititu bestela errealitate horren aurka matxinatu diren giza aleak
Etsipen giroan bizi garenez, etsipenak hartuak gaudenez, ba ote dugu zer ikasirik etsipenaren eskolan? Lehengo batean, lagunarteko bazkari batean, lagun batek esan zigun etsipenaren egoera ez dela giza egoerarik txarrena. Okerragoa omen da horra iritsi aurreko aldarte malapartatua: zalantzaren harra, urduritasunaren ezinegona, itxaropenaren ilusio ustelak... Behingoz, etsipenaren zorura edo zulora erori garenean, gainetik kentzen omen zaigu itxaropenaren zama astuna, eta ba omen dakigu zer-nolako egoeratan gauden egiazki. Interesgarria iruditu zitzaidan gure lagunaren gogoeta: alegia, badugu zer ikasirik etsipenaren eskolan eskarmentuaren eta ezagueraren bideak zuzen jorratzen baditugu.
Hala eta guztiz ere, gizakiaren desioak itxaropenaren zerumuga izan ohi du aterpe. Baina, gaurko egoera nolabait gainbegiratuta, itxaropenaren bideak baino emankorragoak iruditzen zaizkit etsipenaren irakaspenak. Zer ikas dezakegu, ordea, itxaropenaren sugarra itzali baldin bazaigu?
Lehendabiziko egiaztapena: aitor dezagun behingoz gu ez gaudela estaturik gabeko munduko herrien artean aitzindari eta eredu izateko moduan. Atzo bertan irakurri nion Tytti Thusberg finlandiarrari: «Suomiera inoiz ez da hizkuntza gutxitu bat izan, ez behintzat erabileraren aldetik». (Kalegats, 15). Eta Finlandiaren ereduak balio du azken hamarkadetan Europan sortu diren hainbat estatu txikiren bideragarritasuna frogatzeko. Herri horietan guztietan zegoen egoera nazionalak ez du zerikusirik gurearekin: egoerarik okerrenean zeudenak ere, ez zeuden itzulbiderik gabeko asimilazio eta alienazio nazionalaren indarren pean. Suomi herriak bazuen etnonazio kulturalaren lehengaia eta humusa nazio politiko independentea sortzeko. Bazuen horretarako gaitasunik aski, bazuen nazio linguistikoari eta kulturalari zegokien oroimen etnohistorikoa. Bazuen, azken batean, nazio-eraikuntza orok ezinbesteko duen aurrebaldintza: hau da, nazio-eraikuntza politikoa bermatzeko oinarri etnokulturala, nazio askea izateko borondatea ez baita ezerezetik sortzen. Guri falta zaigun borondatearen iturria eta bermea hain zuzen. Gurean nazio askatasunaren bide guztiak zaputzera daramatzan faktorea. Espainiar edo frantses nazionalismo totalitarioen ukapenak eta itomenak bakarrik ezin baitu argitu eta azaldu gertatzen ari zaiguna.
Izan gaitezen errealistak. Onar dezagun errealitateari darion etsipena. Alferrik da, alfer-alferrik, gazte izateari darion itxaropena eta kemena. Gazteak ere ikasi egin behar du etsipenaren atakan bizitzen, bidegabekeriaren handiari zuhurtasunez erantzuten. Injustiziaren aurrean matxinatzea ez da aski. Kontua ez da soil-soilik konpromiso handiko giza bizitzari atxikitzea, desioaren eta etsipenaren arteko sokatiran ondo kokatuta jardutea ere ez da gutxi. Aski dugu etsipenez josita dagoen nazio-errealitatea ahalik eta ondoen kudeatzearekin. Itxaropen handirik gabe, hitz eder eta amesgarriak gehiegi hanpatu gabe.
Hori eta horrenbestez, amore eman behar ote dugu euskal nazio askatasunari dagokionez? Men egin eta sumisioaren bidea aukeratu? Nik ez nuen horrelakorik esan nahi etsipenaren eskolan zer ikasia badaukagula nioenean. Esan nahi nuen zerbait aldatu nahi baldin bada, zerbait horren egoera ezagutu egin behar dela, ez dela dena kontu ideologikoa eta etikoa. Nazio zapalkuntzaren etikak arrazoi osoa emango digu nazionalismo totalitarioen aurka ekiteko. Ideologia abertzalearen diskurtsoak beste horrenbeste. Baina espainiar eta frantses nazionalismo inperialistari ezin diogu erantzun jadanik burututa duten nazio-errealitate birrindu bati ezikusia eginda: gure herriaren nazio-identitate linguistikoa, kulturala eta territoriala atzera bueltarik gabeko puntutik oso-oso hurbil daude, puntu hori dagoeneko igaroa ez baldin badago.
Beraz, errealistak bai, baina ez amore emateko, burua makurtzeko. Intsumisio linguistikoa eta kulturala izatea da daukagun aterabide bakarra, nazio politikoaren aldeko ur handietan sartu baino lehen. Ur handietan sartuta ibili gara aspalditik, ustezko euskal nazio-oinarri ahul batekin amets handiegiak egin ditugu, eta orain ohartu gara alienazioaren eta asimilazioaren satorrak zein lan birrintzailea eta hilgarria egina zeukan euskal herriaren sistema etnonazionalean.
Nazio-hondamen horren azken hamarkadatako erantzuleak ez ditut aipatuko. Nolanahi ere, naziozidio edo etnozidio horren kausa nagusia badakigu zein den: alderik alde dauzkagun nazio-estatu totalitarioak -betiere, azken hitz hori nazio-politikari dagokionez ulertuta-. Gero, noski, aski gauza jakina da zer gertatzen den hizkuntz eta kultur kolonizazioetan eta: etsaia etxean sartu zaizu, etxeko bihurtu zaizu, bere hizkuntza, kultura eta nazio-identitatea jadanik ez dira arrotz, etxeko jabe baizik, eta orduan, jakina, zureak egin du nazio-ordezkapena maila horietara iritsi zaizunean. Orduan alferrik da kanpoko etsairi erasoka aritzea. Jadanik ez dago kanporik eta barrurik: lautik hiru euskaldun ez dira menderatuak, zapalduak, gutxietsiak eta umilduak sentitzen euskaldun gisa bizi nahi izateagatik. Euskaldunen lautik batek besterik ez dauka benetako nazio-kontzientziarik. Euskaldunak horrela bizi baldin badu herri euskaldunaren zoria, atera kontuak nola biziko duen nazio-hizkuntza espainolean edo frantsesean bizi den abertzaleak.
Laburbilduz, etsipenaren baldintzetan bizitzea tokatu zaigu herri hau munduko nazio beregainen pare ikusi nahi genuenoi, eta etsipen-egoera horretara egokitu behar dugu geure egitekoa. Baita egiteko moduak ere. Gazte jende abertzalea daukat gogoan hitz hauek idazterakoan, etsipenak bide gogorrak hartzera behartu duen jende gaztea. Etsi dezagun behingoz, etsipenean bizitzea ez da eta bizitzaren amaiera. Izan gaitezen intsumiso euskaldunak nazio arroztu eta besterendu batean. Besterik ezean eta hobe beharrez, biderik onena hori dela uste dut, errealitatearen printzipioak irentsi eta birrindu egiten baititu bestela errealitate horren aurka matxinatu diren giza aleak. Ausardia bai, baina errealitateak irensteko eta birrintzeko adinako grina itsugarririk ez. Aski dugu sufrimenduaz. Euskal etxeetan negar eta nahigabe gehiegi dago, sufrimendua gainezka egiten ari da, hutsaren truke piztiari jaten emateko.
Eranskinak:
|
Euskaraz bizi sarean