• 21
    URR
    Geroa, euskaratik eta euskaraz

    "Nola egin, ordea, prozesu sozial (euskalduntzea) eta politikoarentzat (estatugintza) mesedegarri izango den bidearen diseinua? Ez ote dago modurik txanpon bereko bi alde bezala irudikatzeko aurrerabidea? Ezin dute eraldaketa sozialak eta politikoak elkar elikatu elkarren traba izan gabe?"

    Ibili-ibilian Xalbadorren Herria eta hizkuntza abestuz, edota Maialenen «herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz» entzunez emozionatzen garenok izango gara independentzia prozesuaren oztopo nagusia. Azkenaldian, hainbat iritzi artikulu irakurrita, ondorio horretara heldu gara gaurko hau idatzi dugunok. Euskal komunitatea minorizatuta dagoenez Euskal Herrian, haren lurraldea hau izanagatik ere, kanpotik etorritako komunitate bat bezala jokatzeko aholkuak jaso ditugu hainbat independentzia zalerengandik, hori egin ezean independentzia nahia indartzeko oztopo izango garela iradokiz. Alegia, zenbaitentzat, azken hamarkadetan euskararen alde egindako lana onerako baino txarrerako izan da, itxuraz. Egoera oraindik eta minorizatuagoan egongo bagina edota desagertzeko zorian, ba kasik hobeto, horrela ez genuke traba handirik egingo-eta independentziarako bidean.

    Eta badakigu iritzi artikulu horien egileek ez dutela holakorik desiratzen, baina zenbait analisi euskalduntasunetik irakurrita, bada, ez dira oso motibagarri. Seguru euskara bigarren maila batean utzita euskal identitateaz aritzeak onurak bakarrik dituela? Begi-bistakoa da ezetza, gure iritziz. Esan lau haizetara Euskal Estatu aske eta demokratiko horretan euskaraz bizitzea gaur besteko nekeza izatea izango dela egoera normala, eta ikusiko dugu zenbat milaka lagun jaitsiko diren erabakitzeko eskubidearen motorra dagoen bagoitik, etsita. Guk ez genuke proba hori egingo.

    Ados gaude, ordea, independentzia prozesura gerturatzeko mugak ezabatzearekin. Euskalduntasunera gerturatzeko mugak ezabatzearekin batera, gainera. Nola egin, ordea, prozesu sozial (euskalduntzea) eta politikoarentzat (estatugintza) mesedegarri izango den bidearen diseinua? Ez ote dago modurik txanpon bereko bi alde bezala irudikatzeko aurrerabidea? Ezin dute eraldaketa sozialak eta politikoak elkar elikatu elkarren traba izan gabe?

    Gure ustez, bai. Eta bide hori ez da inondik inora euskara baztertzetik abiatzen, euskara eztabaida politikoaren erdigunera ekartzetik baino. Hobeto esatera, euskaldun eta erdaldunek herri honetan bizi dugun eguneroko gatazka erdigunera ekartzetik. Elkarbizitza, bizikidetza, bakea, gatazka, egindako minaren aitortza… horrelako terminoak bolo-bolo darabilzkigun honetan, inork ez du egoera linguistikoa gatazka sozial moduan irudikatzen. Zer gertatuko litzateke, ordea, gure hizkuntz harremanaz eztabaida sozial bat eraikiko bagenu euskaldun zein erdaldunen artean? Ez ote genuke adostuko hemendik 20-30 urtera zeinek izan beharko lukeen egoera soziolinguistikoa? Eta, imajinatzen horrelako adostasun sozial batek zenbat muga ezabatuko lituzkeen euskalduntze zein independentzia bidean? Ez ote litzateke bide eraginkorragoa partikularitateak ezabatzen hastea baino?

    Horretarako, euskalgintzan zein alderdi politikoen diskurtso eta jardunetan aldaketa nabariak egin beharko genituzke. Euskalgintzatik lartxo kosta izan zaigu politika eta alderdikeriak bereiztea, politika egitea ez dela alderdi batengana gerturatzea, alegia, baina garai egokia izan daiteke orain arteko ajeak gainditu eta euskalduntze dinamika indartsu bati heltzeko. Eta, noski, politika egiten ibiliko ginateke, baina inongo alderdiena izango ez den politika, geurea baizik, propioa, euskaratik sortutako politika. Euskalgintzan badago honetarako gaitasuna, artikulatzen asmatzea litzateke kontua.

    Alderdiek, aldiz, ihes egin diote gatazka linguistikoari behar duen neurrian heltzeari. Jakina da gai arantzatsua dela, kudeatzeko gaitza, bereziki gatazkarik ez balego bezala kudeatzen ahalegindu izan direnean. Independentziarako muga bada gatazka linguistikoa, beste hainbeste izango da alderdi abertzaleentzat ala? Beraz, alderdiek ere zer egin beharko lukete, gaia ezkutatu edota estrategia birkokatu?

    Elebitasunaren bandera elebakarrek daukate, eta, posizio horretatik, zapalduak garenon ustezko inposaketak salatzen dituzte. Minorizazio prozesuak eta, hortaz, egin dugun kudeaketak horrelako egoera ulergaitzak sortu ditu. Horixe da gure drama. Egoeretara egokitzen jarraitu beharko dugu euskaldunok, baina egin dezagun bidea era natural batetan, erdaldunak ere egokitzen has daitezen. Ez dugu iraun nahi, bizi baizik. Herri libre batean euskaraz bizi nahi dugu!

     

    Unai Larreategi eta Aitor Kaltzakorta, EHE-ko kideak

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.