"Larunbatean lehen urratsa emango dugu, eta oztopo horiei aurre eginez euskaraz biziko garela aldarrikatuko dugu. Halere, hori ez da nahikoa izango. Estatuek abian jarri dituzten inertziak gainditzeko garaia da, denok batera eta determinazioz"
Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren karira, poztu egin nau sareetan egun horri izendapena esleitzeko arrazoiak berriz ere mahai gaineratu izanak. Izan ere, badirudi ez dela politikoki zuzena hizkuntzaren afera gatazkekin lotzea, nahiz eta hori ezkutatzeak errealitatea ez ikusten utzi.
Berrogeita hamargarren hamarkadan Pakistango Gobernuak urdua Estatuko hizkuntza bakarra izendatzeko asmoa agertu zuen. Estatuaren hizkuntza-politika Estatuko biztanleriaren ia erdiarentzat onartezina zen, hain zuzen ere, egun Bangladesh hartzen duen Ekialdeko Pakistanen bizi ziren herritarrentzat. Hango herritarrentzat urdua hizkuntza ofizial bakar bihurtzeak aukeren ukapena zekarren, bai eta identitatearen beraren ukapena ere. Lanpostu edota botere-gune askotatik milaka herritar baztertu ere egin zituzten.
1952ko otsailaren 21ean horren kontra antolatutako manifestazioaren aurka gogorki oldartu zen polizia eta ikasle-talde bat hil ere egin zuen. Horrexegatik, hain zuzen ere, Bangladesheko Gobernuak esfortzu handiak egin zituen egun hori, otsailaren 21a, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izendatzeko.
Bangladeshen gertatutakoak beste behin erakusten du gurea bezalako hizkuntzen berreskurapen-prozesuetan Estatuek jokatu izan duten papera egoera gutxiagotuan dauden hizkuntzen normalizazioari galga jartzeko eta hizkuntza nagusien hegemonia mantentzeko.
Gurean ere Espainiako zein Frantziako agintariek aski ongi lotuta dute, zeinek bere Konstituzioaren bidez, gurea bezalako hizkuntzek ezin izango dutela normalizazio osoa erdietsi. Konstituzioek berek jasotzen dute gaztelaniaren edo frantsesaren nagusitasuna, euskaraz bizi nahi duten herritarrei bidea oztopatzeko. Gerriko estua jarri ziguten hasieratik bertatik, arnas egiten uzten ez digun gerriko estua.
Baina hori ez ei da nahikoa, eta azken hilabeteotan bi Estatuek gure lurraldeetan dituzten ordezkariak are modu bortitzagoan ari dira jarduten: Ezin dituzue aktak euskaraz idatzi, ezin dituzue hizkuntza-irizpideak jarri, ezin dituzue Lapurdiko ikastolak lagundu, ezin duzue euskara ofizial izendatu, ezin diozue euskarari lehentasunezko trataera eman… Finean mezu bat eta bakarra bidali nahi digute Estatuek Urkixoren eta Dallennesen bidez: Ez duzue askatasunik zuen hizkuntza-politika definitzeko. Ez zarete askeak euskaraz biziko den herriak behar dituen tresnak izateko. Estatuok dugu eskumen osoa zuen hizkuntza-politikak zehazteko, eta argi dugu gaztelania edo frantsesa izango direla hizkuntza hegemonikoak.
Estatuen ordezkarien jardunari Nafarroako Gobernuarena ere lotu behar diogu. Izan ere, Nafarroako kasuan Estatuak ez du bertan duen ordezkaria baliatu behar lan hori egiteko, bertako Gobernuak berak hartzen baitu funtzio hori lotsagabeki.
Jardun horiek argi erakusten dute hizkuntzaren afera Estatuen afera ere badela. Askotan sinetsarazi nahi izan digute gure hizkuntzaren berreskurapena afera domestikoa dela, etxekoa, alegia, hizkuntza-komunitateak duela aurrera ez egitearen erantzukizuna.
Halere, azken hilabeteotako gertakariek kontrakoa erakusten dute, batetik, hizkuntzen arteko gatazketan botere-gatazkak daudela eta, bestetik, Estatuek oso argi dutela zein estrategia baliatu gurea bezalako hizkuntzetan bizi ahal izatea eragozteko. Estatuek, boterea erabiliz, erabaki nahi dute noiz, norekin eta nola erabil edo ikas dezakegun guk geure hizkuntza. Estrategia oso ongi neurtua dute, zertarako eta euskaraz bizi nahi duten herritarrak zokoratzeko.
Halere, oztopo horiei guztiei aurre egiterik badago. Azken asteotan hainbat udalek Estatuaren galgari aurre egitea erabaki dute, eta haien ohiko funtzionamenduari eusten jarraitu diote. Gobernuko ordezkariaren eskaerari muzin egin eta euskaraz lan egiten jarraitzen dute, normaltasun osoz. Bestalde, egunero, milaka herritarrek ere determinazio bertsua erakusten dute, eta oztopo horiei guztiei muzin egiten diete euskaraz biziz.
Eta jarrera irmo horiek ikusita galdera bat datorkit: Zer gertatuko litzateke eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzional guztiek, euskalgintzarekin batera, norabide berean jokatuko balute? Alderdietako edota hauteskundeetako interesak alboratu, eta guzti-guztiok determinazioa erakutsiko bagenu, norbaitek uste al du ez ginela gai izango oztopo horiek guztiak gainditzeko?
Zalantzarik ez dut denok batera joko bagenu, nahikoa indar izango genukeela oztopo horiei edota horiek baino gogorragoei aurre egiteko. Euskaraz bizi nahi duen herriak aspalditik erakutsi izan du harresiak apurtzeko eta euskararen normalizazioa ahalbidetuko duten zutabe sendoak eraikitzeko gaitasuna duela. Hartara, bada garaia eragile guztiok modu bateratuan lan egiteko.
Larunbatean lehen urratsa emango dugu, eta oztopo horiei aurre eginez euskaraz biziko garela aldarrikatuko dugu. Halere, hori ez da nahikoa izango. Estatuek abian jarri dituzten inertziak gainditzeko garaia da, denok batera eta determinazioz. Horrek egiaztatuko du oztopoak gainditzerik badagoela, baldin eta elkarrekin egiten badugu aurrera.
Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia
(berria.eus bidez)
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean