• 23
    API
    Behar zaitugu
    Julio Soto

    "Euskalduna izatea, bigarren pausoa ematerako norbaitek atzetik bultzatu eta lurrera erortzea da. Baina hankak bustita, aurpegia zikinduta, altxatu eta aurrera egiten saiatzea, horixe da euskalduna izatea"

    Euskalduna lokatzetan ohiturik dago, lokatzetan bizi da. Euskalduna izatea aurrera egiteko hankak arrastan eramatea da, eta hankak lokatzez pisu dituzunean pauso bat emateko hortzak estutzea. Euskalduna izatea, bigarren pausoa ematerako norbaitek atzetik bultzatu eta lurrera erortzea da. Baina hankak bustita, aurpegia zikinduta, altxatu eta aurrera egiten saiatzea, horixe da euskalduna izatea.

    Baina bai, lokatzak nekatu egiten du, bidea haize aurka egiteak ahuldu. Indarrak ez baitira betiko. Batzuetan etsi ere egiten duzu, eta lubakian ezkutatzen zara. Ez duzu borroka egiteko ilusio gehiagorik, ezin duzu gehiago. Ikusten dituzu ordea herrikideak aurrera egin nahian, kopeta zimurturik, bizkarra ubeldurik, baina aurrera. Eta euren indarrak altxarazten zaitu, garai batean zureak beste norbait altxarazi zuen bezala.

    Horregatik behar zaitugu larunbatean Iruñeko Anaitasunan. Lokatzetan bizi denak poz txikiak ere behar dituelako. Tarteka, kopeta barre egitearen ondorioz zimurtzea beharrezko delako. Barre egitean, ezpainak zabaldu eta ahotik arnasa sartzen baita, bidean aurrera egiteko bultzada den arnasa. Egon seguru zu hor ikusteak asko poztuko duela zure ondokoa, asko indartuko duela. Borrokatzen jarraitzeko ilusioa galdurik dagoenak behar zaitu, altxaraziko baituzu. Eta gudu-zelaian dabilenak ere behar zaitu, poztuko baituzu. Geure burua omendu behar dugu, geure burua goxatu eta indartu. Eskerrak eman, eta eskerrak jaso. Txalo jo, eta txalo entzun. Borroka kolektiboek, poz kolektiboak behar dituztelako.

    Larunbatekoa geure buruari egindako opari bat izango da, merezi dugulako hainbeste. Eta gu pozik ikusi nahi ez gaituenak, ulertuko du zer ari garen aldarrikatzen.

    Ez dugula lokatzetan bizi nahi. Euskaraz bizi nahi dugula.

     

    Julio Soto, bertsolaria

    (berria.eus bidez)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.