Lerro hauen bitartez, pasa den larunbat goizean gure herriko kaleetatik igaro zen korrikaren 16. edizioan parte hartu zenuten Barañaindar euskaltzale guztiei eskerrak eman nahi genizkizueke herriko Korrika Batzordea osatzen dugun kolektibook
Lerro hauen bitartez, pasa den larunbat goizean gure herriko kaleetatik igaro zen korrikaren 16. edizioan parte hartu zenuten Barañaindar euskaltzale guztiei eskerrak eman nahi genizkizueke herriko Korrika Batzordea osatzen dugun kolektibook.
Dakizuenez, aurtengo leloak ‘Ongi Etorri!’ dio, etorri berria abegitsu hartzen dela adierazteko esapidea, alegia. Izan ere, euskaldunok ongietorria egiten baitiegu gure herrira, gure etxera, gure artera datozen lagunei, euskararen berreskurapenean lagundu behar duten erakunde guztiei, euskalgintzan dabiltzan guztiei, euskaltzale guztiei, euskaldunei eta euskaldundu nahi duten guztiei, bertokoei eta kanpotik datozenei.
Bere hizkuntza berreskuratu nahian dabilen herriaren adierazpen grafikoa da Korrika, eta nahi honi kasu egiteko deia luzatu nahi diegu Euskal Herriko norbanako, erakunde eta administrazio guztiei. Barañainen ere gaur, inoiz baino ozenago eskatu nahi diogu Udalari, euskararen bultzapenean atzera pausuak emateari utz diezaion. Izan ere, diru faltaren aitzakiarekin eta urte askotako tradizioarekin hautsiz, Barañaingo Udalak aurten, bere kilometroa erosi ere ez baitu egin. Hori gutxi balitz, herriko kolektiboen kilometroa ordaintzeko antolatutako ekimenak udaletxeko eta kultur etxeko aretoetan burutu ahal izatea eragotzi du, hauen erabilpenagatik 100€ / orduko alokairua eskatuz. Bere Kilometroa ez ordaintzeko aitzakiak gora behera, Udalak gure poltsikoetatik dirua eta gure aisialditik denbora jarri dugun Barañaindarroi udal baliabideak erabiltzeko erraztasun minimoak jartzeko ardura duela deritzogu, propaganda eta kartelak errespetatzeaz haratago.
Esan behar dugu, zoritxarrez, Udalaren azken erabaki hauek ez gaituztela gehiegi harritu, azkeneko hilabeteetan hartu izan dituen bestelako neurrien jarraipena baino ez delako. Berriki onartu dituzten aurrekontuetan euskararen dirulaguntzaren murrizketa ezartzeaz gain, Barañaingo liburutegitik euskarazko egunkari bakarra kendu baitute. Korrika Batzordea osatzen dugun kolektibook Udalaren jarrera hau onartezina deritzogu, eta euskararen normalizazioaren aurka jotzen duten eraso hauen guztien salaketa egitera animatu nahi ditugu herritarrak eta herriko kolektiboak, norbera bere esparrutik hasita.
Erakunde eta administrazioek euskararen normalizazioa bultzatzea nahi dugu, euskaldunok leku guztietan (lantokian, kalean, etxean...), euskara erabiltzea nahi dugu, eta euskaldundu nahi dutenek euskara ikastea nahi dugu. Euskarak, Korrikak bezala, pausoa arin eta gelditu gabe egin behar du aurrera, aurreraka ez doana atzeraka hasteko arriskua baitago. Eta horretarako denok parte hartzea derrigorrezkoa da. Korrikan bezala, lekukoa lurrera eror ez dadin, esku guztiak dira beharrezko.
Ongi etorri Korrikara!
Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!
BARAÑAINGO KORRIKA BATZORDEA
|
Euskaraz bizi sarean