Gurea ez den eredua gainditzeko, gure eskubideak urratzen dituen eredua alboratzeko, eta Euskal Herrian oinarritutako eredua eraikitzeko, jar dezagun abiapuntua maiatzaren 21ean eta eraiki dezagun bidea
Zer dago krisian?
Mundua krisian dago.
Herri boteretsuek garatzen duten eredu sozioekonomikoak krisira eraman du mundu osoa. Eta sistema kapitalistan oinarria duen ereduak eragin duen krisia Euskal Herrira ere heldu da. Euskal Herriak bizi duen zapalkuntza egoeraren ondorioz, inposatutako eredu kapitalista hori da nagusi bertan. Baina, guztion ahotan dagoen krisia ez da soilik esparru ekonomikora mugatzen, arlo guztietan du eragina krisiak. Arlo guztietan, bai, eredu kapitalistak aurrera daraman doktrina globalizatzaileak arlo guztiak bustitzen dituelako, hauen izaera berezkoa eta apartekoa suntsitu nahiez.
Eredua bera dago krisian.
Eta orain arteko eredu honek gure eskubideak etengabe urratu eta urratzen ditu, norbanako bakoitzaren eskubideak eta herri bezala dagozkigun eskubideak ere, herria bera ukatzen duelako nagusiki, herri honen izaerarekin bat ez datorrelako. Homogenitatearen eta uniformetasunaren izenean, txikiak direnak zapaltzea erraza delako; baina txikiak direnak suntsitzea, ezinezkoa delako.
Herria eraiki.
Herri bat eraiki nahi dugu, eraikitzen gabiltza, horretarako herri honek, Euskal Herriak, behar duen eredua ere eraiki behar dugu, herri honen izaera eta beharren araberako eredua. Horregatik, herri eraikuntzaren oinarrian inposatutako eredua gainditzea eta gurea sortzea egon behar da.
Euskal Herria berreuskalduntzeko, herri honen izaera garatzeko behar dugu bertatik bertara sortutako eredua.
Maiatzak 21, abiapuntua.
Gurea ez den eredua gainditzeko, gure eskubideak urratzen dituen eredua alboratzeko, eta Euskal Herrian oinarritutako eredua eraikitzeko, jar dezagun abiapuntua maiatzaren 21ean eta eraiki dezagun bidea.
Igone Lamarain
EHEko kidea
|
Euskaraz bizi sarean