• 09
    UZT

    Euskarabidea sortu zenetik gaurdaino, erakunde honen aurrekontuak nabarmen jaitsi dira, eta eginiko murrizketak beste departamentu eta sailetakoak baino puskaz handiagoak izan dira. Aurtengo aurrekontuetan, pertsonal-kostua ez beste guztiak murriztu dituzte Euskarabidean. Legediaren aldetik ere ez dugu aurrerapausorik sumatu, ez legeetan ez eta arau txikienetan ere. Hitzak bai, hitz politak entzun ditugu, "plan estrategiko" eta guzti, baina agindutakoa ez da gauzatu. Euskarabidearen politika, itxura politikoa izan da, hitz ederrak bai, baina edukirik ez

     

    Idazki hau izenpetzen dugunok Nafarroako Gobernuko Euskarabidean ari gara lanean. Urtebete luze bat eman dugu Euskarabidean. Ailegatu da balantzea egiteko tenorea.

    Administrazio Publikoetan aurrekontuena ez da proiektuen oinarri eta osagarri bakarra, baina bai oinarririk garrantzitsuenetariko bat. Dirurik gabe, egitasmo gutxi eta eskasak egin daitezke. Euskarabidea sortu zenetik gaurdaino, erakunde honen aurrekontuak nabarmen jaitsi dira, eta eginiko murrizketak beste departamentu eta sailetakoak baino puskaz handiagoak izan dira. Aurtengo aurrekontuetan, pertsonal-kostua ez beste guztiak murriztu dituzte Euskarabidean.

    Legediaren aldetik ere ez dugu aurrerapausorik sumatu, ez legeetan ez eta arau txikienetan ere. Hitzak bai, hitz politak entzun ditugu, «plan estrategiko» eta guzti, baina agindutakoa ez da gauzatu. Euskarabidearen politika, itxura politikoa izan da, hitz ederrak bai, baina edukirik ez.

    Pedro Pegenauteren garaia amaiturik, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzako langileok lantokiko giroa eta lana bera hobetuko zirelakoan geunden. Ez da horrela gertatu. Lan harremanek antzekoak izaten segitzen dute. Oso hierarkikoak, parte-hartzea bermatzen ez dutenak. Langileok hainbat proposamen luzatu dizkiogu zuzendaritzari elkarrekin aritzeko, arazoei elkarrekin aurre egin diezaiegun, baina alferrik izan da; bilera egutegi bat proposatu ziguten, eta emandako hitza ere ez dute bete. Inoiz gurekin elkartu badira, beste erremediorik ez zegoelako izan da, egoerak edota guk behartu ditugulako.

    Maiz, egoera jasanezina bilakatu da, eta horrek eragin zuzena izan du langileongan. Hori dela kausa, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza sortu zenetik bertan lanean ari ziren langile askok -administrariak, teknikariak,...- alde egin dute edota joatekoak dira Euskarabidetik, eta joate horrekin batera hainbat hamarkadatako eskarmentua galtzen ari da, gure lanaren eta euskararen kalterako.

    Euskaltegiari dagokionez, lekualdatzearekin batera arazoak areagotu egin dira. Zenbait irakasle bi tokitan aritu behar dira, baliabide informatikoak ez dira genituenak, orokorrean gure funtzioak betetzeko baliabideak falta ditugu, eta ditugunak ez dira egokiak. Gainera, Kostalapetik (Oblataseko zubitik) datorren errepidearena aipatu behar dugu, oraingo lanak eta ondorengo zirkulazioa ez dira irakaskuntzarako osagai egokiak.

    Euskaltegiaren barne-antolamenduari dagokionez, aldaketa txarrerako izan da. Maiz guri ez dagozkigun lanak egin ditugu, zuzendaritza lana hain zuzen ere. Langileok gure arduradunek, gure nagusiek egin beharko luketen lanak egin ditugu,

    Euskarabidearen antolaketa, salbuespenak salbuespen, kaotikoa da. Hori dela kausa, ematen den zerbitzuaren kalitatea jaitsi da. Zuzendaritzatik gestio txarra egiten da, gestio arbitrarioa, adituen iritzi teknikoa gutxietsiz, inkomunikazioan oinarritua, talde-lanik gabea, arduradun batzuen jauntxokeria eta itxurakerian oinarritua, eta informazioa estaliz. Bestalde, eta gure lan esparrua aintzat harturik, gure arduradun gehienak, profil teknikorik gabeak dira.

    Hasieran esan bezala, urtebete luzea eman dugu Euskarabidean, eta balantzea egiteko tenorean, ilunak nagusitzen dira, eta hartutako bidetik ez da argi-izpirik sumatzen.

    Langileok, orain arte bezalaxe, ahalik eta zerbitzurik hoberena ematen segituko dugu.

    Artikulu hau Euskarabideko langileen batzarraren izenean idatzita dago