• 30
    API

     

    Orain aste batzuk, Joxe Manuel Odriozolak ondorengo amaiera zeukan artikulua argitaratu zuen: «Hona, bada, paradoxa: euskara etnikoa euskara abertzalea baino eraginkorrago ageri zaigu euskaldunen herri-erreferentziak partekatzeko zereginean. Hala ere, abertzaletasunak, hitzak hitz, egitez, muzin egiten dio euskarazko nazio kulturala lehenesteari nazio politikoarekiko harremanetan. Bien bitartean, euskal estatua gora eta euskal estatua behera gabiltza. Gurea ez ote da patetiko samarra?». Ideia interesgarri horiei tiraka, zenbait hausnarketa plazaratu nahiko genituzke geuk ere.

     

     

     


    Euskal Estatuaz gora eta behera ibiltzea gauza ederra litzateke estatu hori ze helbururekin lortu nahi dugun ondo definituta edukiko bagenu. Gauza ederra litzatekeela diogu, seguru aski, euskal estatua lortu arteko bidean, indarra non egin argiago erakutsiko ligukeelako. Ikerketa soziologikoek diote Euskal Herrian %30 inguru independentistak garela. Baina zer erantzungo genuke ondoko galdera egingo baligute? «Eta zertarako nahi duzu independentzia?». Hobeto bizitzeko, selekzio propioak izateko... erantzun nahiko errepikatuak izango lirateke. «Ez daki / ez du erantzun» ere sarri samar aipatutako erantzuna izango litzateke. Bakarren batek esparru sozioekonomikoa geuk eraikitzeko erantzungo luke... baina zenbatek erantzungo lukete «herri nortasuna mantendu eta garatzeko, berreuskalduntze prozesua azkartzeko behar dugu euskal estatua» bezalako esaldiren batekin? Egin proba zuen inguruan, eta egiaztatu emaitzak. 

    Gure ustez, azken horrek beharko luke euskaldun eta abertzale guztien oinarrizko erantzuna. Baina zergatik ez da horrela? Etnozidioan, hizkuntza ordezkapenean, oinarritutako zapalkuntza jasaten ari den herria geroz eta asimilatuagoa den seinale izango da, beharbada? Aberri Egunaren testuinguruan argitara emandako idatzian esaten genuen bezala, aipatu asimilazio prozesuari aurre egiteko izan behar dugu burujabe; hizkuntz ordezkapenean oinarria duen asimilazio prozesuari aurre eginez soilik egin dezakegu euskaraz biziko den Euskal Estaturako bidea, eta egiten gabiltza. Halere, joko zelaiaren bestaldekoek ere bidea egiten dihardute. 

    Zapaltzaileek bidea egiten dihardutela onartuta, zein da euskaltzale eta abertzaleok egiten ari garen bidea? Herriaren askapen prozesuan dihardugula esango dugu gehienok. Baina nola ulertzen dugu askapen prozesu hori? Herri euskalduna eraikitzeari lotuta eta Euskal Herria lur eremua askatzeari lotuta? Aberri Egunari begira esan bezala diogu gaurkoan ere, Herri euskalduna dela eta izango dela gure lurraldea, euskaraz bizi den, euskaraz biziko den herria, euskal hiztunok egingo dugun aberria. 

    Euskal Herrian Euskaraz-ek argi esan izan du bere sorreratik, bi bideak uztartzea ezinbestekoa dela euskaraz biziko den herria berreraiki ahal izateko. Orokorrean, ordea, lur eremuaren askatzeak askoz garrantzia handiagoa izan du. Herri euskaldunaren eraikuntza bigarren maila batean kokatu izan da. Are okerrago, lehenengoa lortze bidean, zapaltzailearen hizkuntza erabiltzea ere oso ohiko bihurtu da (horregatik hitz egiten dugu «euskararen auziaz», eta ez euskaraz bizi ezin den herri «euskaldunaren problemaz»). Nazio arazoaren osagarri nagusi gisa euskara kokatzeko sortu zen EHE orain 30 urte, baina argi dago Euskal Herriaren askatze prozesua termino horietan kokatzetik urruti dagoela oraindik. 

    Euskal nazioa osatzen dugu, eta Euskal Herria berreraikitzean herri egiten gaituenari lehentasuna ematea ezinbestekoa izango da gure herri izaera ez galtzeko. Horregatik, orain 30 urte bezala, aurrerantzean ere, nazio honen eraikuntza eta herri honen askatze prozesuan euskara eta herri euskalduna erdigunean kokatzeko ahaleginetan jarraituko dugu guk. Baita herri euskaldunaren berreraikuntzan urratsak egiten eta eragiten ere. 

    Urruti egonagatik, ordea, ez dugu bide horretan etsiko. Euskarazko nazio eraikuntza da gure iritziz asimilazio prozesuari, nazio zapalkuntzari aurre egiteko biderik egokiena. Horregatik egin dugu aurten Hizkuntza Eskubideen Eguna antolatzetik Euskaraz Bizi Eguna antolatzera salto. Dagozkigun eskubideen urraketak salatzeari eta aldarrikatzeari uko egin gabe, gure nortasunaren zutabe nagusi den hizkuntzari eta euskaraz bizitzeari zentralitatea emateko garaien aurrean gaudelako, gure iritziz. Norbanako zein herri moduan hartu beharreko hautua izango da, beraz, Maiatzaren 2an Etxarrin ospatuko dugun Euskaraz Bizi Egunaren ardatz nagusia. Apustu garrantzitsua dugu euskaltzale eta abertzaleok aurrera begira, zapalkuntza gaindituta aske eta euskaraz biziko den herri euskaldunari begira: autodeterminazio ariketa gisa, gaurdanik eta norbere burutik hasita, euskaraz bizitzearen aldeko hautua errealitate bihurtzea. 

    Euskaratik eta euskaraz herria sortzen zabiltzaten guztiok gonbidatuta zaudete bertara. Bizi euskaraz!