• 14
    MAI

    XABI CASTRO GONZALEZ. Administrazioan Euskaraz Taldeko kidea

    Nafarroako Gobernuaren langile taldean 20.000 langile baino gehiago dago. Irakasleak alde batera utzita, bakarrik 208 lanpostutan beharrezkoa da euskara jakitea. Osasunbidean, hizkuntza eskakizuna duten 59 lanpostu daude «eremu euskaldunean». Horietan mailarik baxuena eskatzen da. Hezkuntzan, 120 lanpostuk dute hizkuntza eskakizuna, Euskarabidea eta euskaltegiko irakasleak barne. Hori da, nolabait, euskara irakaskuntzarekin lotzen delako. Hortik kanpo, euskaldunok ez omen gara bizi. Ondorioa garbia da: lanpostu ia-ia guztietan sartzeko ez da beharrezkoa euskaraz jakitea. «Eremu euskaldun» deitzen dioten horretan, ikastetxeak eta osasun etxeez gain, bakarrik postu batetan eskatzen da euskara. Nola jasoko dugu euskaldunok arreta euskaraz? Nola funtzionatuko du euskaraz Nafarroako Gobernuaren Administrazioak? Datu horiek ikusita, bidea benetan luzea izango da. 

    Iruñeko Udalak 1.436 langile ditu. 36 lanpostutan eskatzen da euskaraz jakitea. Hemen ere garbi dago euskaraz funtzionatzetik eta euskaldunak euskaraz artatzetik nahiko urruti dagoela Iruñeko Udala. 

    Espainiako Estatuko Administrazioak 1.000 langile inguru ditu, poliziak-eta alde batera utzita. Soilik bi lanpostutan eskatzen da euskaraz jakitea. Administrazio gehienak nahiko arrotzak baldin baditugu euskaldunok, hori dugu arrotzena zalantzarik gabe. 

    Zenbaki horiek aski eskasak izanik ere, ematen du jendea euskaraz artatzeak nolabaiteko ardura sortzen diela gure administrazio nagusiei. Ez da inondik inora horrela. Badira hainbat trikimailu araudi eskasa are eskasago bihurtzeko, ia suntsitzeraino: 

    - Oinarrizko euskara maila eskatzen da batzuetan, atea gehiegi ez estutzeko. Adibidez, Osasunbidean 59 lanpostuk dute hizkuntza eskakizuna, baina oinarrizko mailan guztiak. Oinarrizko mailak, adibidez, ez du euskara idatzia ahalbidetzen. Maila hori duten postuak 75 dira denetara Foru Administrazioan. 

    - Administrazio honetan, «eremu euskaldunean» postu guztiek dute euskara merezimendu gisa, baina lanpostu horiek betetzeko, gehienetan, ez da oposizio lehiaketarik egiten, baizik eta oposizio hutsa. Beraz, ez merezimendurik, ez eskakizunik. 

    - Iruñeko Udalean antolatua dago iruzurra ere: hizkuntza eskakizunak jartzen dira beterik dauden lanpostuetan -langile erdaldunekin, normalean-. Euskarazko zerbitzua ez da bermatzen, baina pentsa daiteke etorkizunean lanpostua libre geratzen bada gauzak behar bezala egiten hasiko direla. Errealitatea, batzuetan, ez da horrela. Lanpostua libre geratzean, hizkuntza eskakizuna kentzen zaio, eta beterik dagoen beste bati jartzen zaio hizkuntza eskakizuna. Hizkuntza eskakizuneko lanpostuen aldi baterako ordezkapenak egiteko kontratuetan, batzuetan helegiteak jarri behar izan dira, hizkuntza eskakizunari eusteko. 

    Askotan, helegiteen bidez lortu behar izan dira postuak, Iruñeko Euskara Zerbitzuan, kasu. Beste batzuetan, Foru Administrazioan bezala, epaileen aurrean galdu dutena aurrekontuen legearen bitartez aldatu dute, inolako arazorik gabe, lekuz aldatzeko langileen eskubidearen murrizketa, adibidez. 

    Espainiako Estatuko Administrazioan berdin gertatzen da. Euskara jakitea merezimendu gisa hartzeko, Ministerioko Aginduan zehaztutako irizpideak ez dira, normalean, betetzen. Lortzen denean, bakarrik %1eko balorazioa izaten da. 

    2008ko abenduaren 10ean Europako adituen txostena onartu zuen Europako Kontseiluak, Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartaren aplikazioaz. Europako adituek zenbait gomendio egin zieten nafar administrazioei euskararen erabilera bermatze aldera. Duela gutxi, Arartekoak argitaratu zituen bereak ere, Legebiltzarrean aurkeztutako txostenean. Haien artean, langile euskaldunen portzentajea gehitzeko neurriak hartu behar zituztela ageri zen. Administrazioek kasurik ez, edo kontrakoa egiten dute. 

    Kontseiluak deitu duen manifestaziora joateko deia egiten dugu. Euskal komunitate osoak erran behar du hemen gaudela, erasoek ez gaituztela geldituko. Euskararen kontrako diru murrizketen, erasoen, injustizien, babes ezaren eta gainerakoen aurka indar erakustaldia egin behar dugu eta beste egoera batera eramango gaituzten oinarriak jarri. Administrazioa ere euskaraz nahi dugulako.