JOXE MANUEL ODRIOZOLA. Euskara iraksalea
Modernoa izan nahiak zoratu gaitu behin baino gehiagotan. Tradizioaren eta modernotasunaren arteko tirabirak herri eta gizaki guztiak harrapatu ditu noiz edo noiz, baina tirabira hori askoz bortitzagoa da herri menderatuetako herritarrentzat. Izan ere, gizarte modernoaren ongaitzak ez dira etorri jatorrizko herriaren burujabetasunean, mendeko egoerak sortzen dituen trauma eta gutxiagotasun sentimendu guztiekin batera baizik. Espainiarrak edo frantsesak ez du bere tradizioaren oinarrizko identitate-ezaugarri batzuekin -hizkuntzarekin, eta hizkuntzak dakarren guztiarekin, adibidez- eten beharrik izan bizimodu modernoaren trena hartzeko. Aldiz, mendeko herrian bizi den herritarrak bere tradizioarekin zerikusirik ez duen baldintza arrotzetan bereganatu ditu gizarte modernoaren tasunak eta keriak
Zertara datorren tradizioaren aldeko aldarri hau? Gure artean ibili den alemaniar idazle batek zirikatuta nator: Raul Zelik, Lagun armatua liburua dela-eta Argia astekarian egin dituen adierazpide batzuk dira hitzon akuilu.
Identitatearen betiko dialektika: izan ala egin. Zelikek, hasteko, zera esan digu, giza eta gizarte-identitateak eraikuntzak direla: «ez gara, geure burua egiten dugu».
Izan ala egin edo izan eta egin? Identitatearen izaera dinamikoa eta aldakorra ez dago eztabaidatu beharrik. Eta, jakina, tradizioaren soka ere ez dago eten beharrik gauza guztietan: euskalduntasun modernorik ez dago euskalduntasunaren tradiziorik ez baldin badago. Euskaldun modernorik ez dago izandako euskal izaeraren soka eteten baldin bada. Izan beharra dago identitate modernoa eraikitzeko. Ez dago izanik gabeko eginkizunik. Gure arbasoek sortu zuten euskal izaerari zor diogu orain euskaltasunaren identitate moderno bat sortzeko aukera. Identitatea ez da sortzen ezerezetik.
Alemaniar idazlearen bigarren ideia bat: «Diskurtso identitario bat, hasten denean esaten existitzen den identitate bat babestu behar dela, erreakzionario bihurtzen da, horren baitan ez daudenak baztertzen dituelako».
Arestian esan bezala, identitateak eraiki ez ezik, existitu ere egiten dira. Milaka eta milaka urtetan existitu da euskal herriaren izaerari dagokion herri-identitate bat. Aldatuz eta eboluzionatuz, noski. Bere izaera eraberrituz, jakina. Bide batez: euskaldunok ez dugu inolako bazterketarik eragitenexistitzen den euskal identitate bat babestu behar dugula diogunean. Ez hitzez ez egitez. Ez gara horregatik erreakzionario bihurtzen. Izana, tradizioa, egungo gizalegera egokitu besterik ez dugu egin nahi. Horregatik ez ditugu espainiarrak edo frantsesak baztertzen. Identitate baztertzailearen ezaugarria ez da hori, beste hau baizik: munduko herri bakoitzari bere hizkuntza eta kultura-identitatean bizitzeko moduak ukatzea. Eta hizkuntzazko eta kulturazko etnozidio hori ez dute munduko herriek eragiten, estatu etnozidak dira horren erantzule bakarrak. Estatu mota horietan babespean goxo bizi diren herritar ustez demokratikoak ere konplize zuzenak dira noski. Horregatik, Zelik jauna, ez zintuzke batere harritu behar zure artikulu batzuk Alemanian argitaratu nahi ez izanak.
Zure zalantza bat: «Zalantza daukat Euskal Herria, bere horretan, existitzen ote den: momentu honetan, eraikuntza baten fruitua da, hizkuntzarena. Eraikuntza zaharra, egia da, baina egunero berritu eta berrasmatzen ari dena. Euskal Herria ez da existitzen izatez, proiektu horretan parte hartzen duten pertsonek osatzen dute».
Goazen puntuz puntu. Zure zalantzaren zentzua honako hau baldin bada, bat nator zurekin: izenak engainatu egite gaitu, gure egungo herri hau ez baita euskal herria, alegia, euskararen herria. Ez letra larriz eta ez letra xehez. Letra larriz: Euskal Herri politikoa; letra xehez, euskal herri etnolinguistikoa eta kulturala. Jakizu, bide batez, zer irizten dioten ideologia abertzaleek auzi honi: euskal herri kulturala egon badagoela, eta Euskal Herri politikoa falta zaigula. Zelik jauna, hona nire iritzia, jakin nahi baldin baduzu: lehenengoa ez da egia -euskal kulturazko herririk daukagunik-, eta ezer izatekotan, gezurra da. Bigarrenak -independentzia politikoa-, berriz, ez du zentzurik lehenengoaren funtzioan eraikitzen ez bada.
«Euskal Herria ez da existitzen»: ideologia espainolista etnozidak oso berea du baieztapen hori. Existitzen ez denak ez baitauka eskubiderik inolako naziorik galdatzeko. Esan dezagun, beraz, ideologia etnozidak lehendabizi bere mendeko herriak suntsitu eta txikitu egin dituela gerra eta konkisten bidetik, eta gero, denborak asimilazioaren lana burutu duenean, jatorrizko herri gehienen existentzia ukatu egiten duela burujabe izateko asmorik agertzen badute.
«Ezkerreko euskal abertzaletasuna, nire ustez, beti egon da irekita jendea biltzeko eta bere burua transformatzeko. Ez du orain dela 100 urteko gizartea defenditzen, eta zabalik dago jendeak identitate berriak eraiki ditzan. Nobelan saiatu naiz bi diskurtso horien -identitarioa eta post-identitarioa- talka eragiten».
Gure egungo gizarteak zerikusi gutxi dauka noski orain dela 100 urtekoarekin, zorionez. Baina orain 100 urteko gauza batzuk behar ditugu espainolek eta frantsesek asimilatuko ez bagaituzte. Euskaldunon eskubideak ez daude etorkizunean bakarrik, tradiziorako eskubidea ere ezinbestekoa dugu: euskaldun egin gaituzten euskararen eta euskal munduaren erreferentzia historikorik gabe ez daukagu zer eginik. Ez dago kontraesanik: izango bagara, izanaren sokari eutsi beharko diogu, tradizio espainolaren eta frantsesaren sareetan katigatuak geratu nahi ez badugu. Iraganari diogun zor bat da, etorkizunera bideratu ezean kitatu ezin dugun zor bat.
Jakizu gure artean oso ohikoa dela honako mezu hau: «Iraganak bost axola dio, etorkizunak erabakiko du zer izan nahi dugun; herriaren borondatea da azken hitza». Bai, herriaren borondatea izango da azken hitza, baina azken hitz hori ez da ezerezetik datorrena. Hitz orok du bere iraganaren eta tradizioaren zama onerako eta txarrerako. Eta, jakina, hitz horren erabakia euskaldunontzat ezin izan onerako euskal izatearen funtsezko baldintzak errotik erauzita dauden herri honetan.
Ez daukagu etorkizunerako eskubiderik tradiziorako eskubiderik eduki ezean. Politikaren aldetik aurrerakoiak izango bagara, hizkuntzaz eta kulturaz herri euskaldunaren iraganean errotu beste aukerarik ez daukagu.
|
Euskaraz bizi sarean