• 18
    MAI

    JON BOLLAR. UEMAko lehendakaria

    Eusko Jaurlaritzak beste traba bat jarri digu euskaraz bizi nahi dugunontzat; zehazki, administrazioarekin harremanak euskaraz izan nahi ditugunontzat. Izan ere, Jaurlaritzak administraziorako azken lan eskaintza publikoan euskaraz jakiteko betekizuna murriztu du berriro ere, eta, horren ondorioz, lehen baino zailagoa izango da aurrez aurre izango dugun administrazioko langileak guri euskaraz egitea edo/eta agiriak euskaraz idaztea.

    Erakunde publikoek norberaren hizkuntz hautua errespetatu eta bermatu beharreko lehenengo tokia izan beharko lukete. Baina hori Euskal Autonomia Erkidegoan ere ez da betetzen. Bi hizkuntza ofizial dauden arren, hizkuntza ofizialetako bat aukeratzen duenari traba gehiago jartzen dizkigute: langileak ez daki euskaraz, agiriak ez daude euskaraz... Gaztelaniaz ez dakien inor ez du onartzen Jaurlaritzak, baina euskaraz ez dakitenak bai, eta horretan datza Jaurlaritzaren apustu estrategikoa. Administrazio elebidunean langile elebakarrak kontratatzen jarraituko dute, eta hori da Jaurlaritzak hizkuntzen estatus ofiziala berdintasunean ulertzeko duen modua.

    Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ikuspuntutik are larriagoa da hizkuntz politika hori. Izan ere, euskararen aurkako irizpide suntsitzaile berak ezartzen dituzte UEMAko udalerrietan; hau da, euskaraz bizi nahi duten herriek osatutako lur gunean. Duela urtebete, Osakidetzaren lanpostu deialdiaren harira, UEMAko hogeitik gora udalek mozioa onartu zuten, eta, bertan, udalek Jaurlaritzari eskatu zioten gure herritarrei osasun zerbitzua ematen zieten langile oro euskaldunak izateko, eta, horretarako, eskura zituzten neurri guztiak hartzeko. Eskaera horrekin bat, Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak Euskara 21 txostenean adierazitakoa ekarri zuten gogora udalek: "(...) Arnasgune horiek [ gune euskaldunak ] zaindu, sortu eta, ahal balitz, hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez, lehentasunezko trataera garbia eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan". Errealitateak erakutsi digu hitzak hitz direla eta errealitatea oso bestelako kontua dela. Non dago "lehentasunezko trataera garbia"?

    Azken batean, hemen, Euskal Herrian, hizkuntz gatazka bat dago, eta ez da erdaldunen eta euskaldunen artekoa, ezta Euskal Herrian erdaraz bizi nahi dutenen eta euskaraz bizi nahi dugunon artekoa, baizik eta euskaraz bizi nahi dugunon eta euskaraz bizitzen uzten ez digutenen artekoa. Eta, gatazka horretan, argi dago Jaurlaritza non kokatu den. Ez digute euskaraz bizitzen utzi nahi, ez baldintza soziolinguistiko hobeak dauden guneetan, ezta, hedaduraz, Euskal Autonomia Erkidegoan ere. Egunerokoan erdara sartu nahi digute, eta sartzen ari dira, administrazioan, eskolan...

    Baina, Jaurlaritzak euskaraz bizi ahal izateko jarriko dizkigun traben gainetik, milaka euskaldunok -bereziki, gune euskaldunetakook- euskaraz bizitzen jarraituko dugu, etxean, lagunen artean, eskolan, institutuan, unibertsitatean, lanean, elkartean, kirolean... Jaurlaritzak edo beste eragile batzuek jarritako traben gainetik, euskaraz bizi nahi dugulako, eskubidea dugulako eta euskaraz bizitzea gozamena delako. Eta gozamen handiagoa delako hori, beste batzuei trabak jartzen ibiltzea baino.