• 20
    MAI

    JEXUX ARRIZABALAGA. Batzeneko kidea

    Berandu baino lehen, Donostiako Zinemaldia eta zinema, oro har, euskalduna izango da. Horren zalantzarik ez izan. Bitartean, hemen gabiltza zerbait txukuna egin nahi eta asmatu ezinik. Edo aurrera egin ezinik.  Zinemaldia garai polita da zinema gustatzen zaionarentzako eta filmak ikusteko aukera duenarentzako. Zinefiloak gozatu egiten du egun horietan. Batek baino gehiagok berariaz egun horietan jai hartzen du. Askok bonoak erosten ditu horrela merkeago delako; dena den, urtean zehar ohiko sarrera baino garestiagoa ez da. Ondo dago Zinemaldia. Gauza polit asko konta genitzake Zinemaldiaren karietara. Baina, nola sentitzen da euskaraz bizi nahi duen herritarra? Bermatua al du honek bere eskubidea? 

    Egia da, azken urte hauetan. aurrerapenak egin direla, esate baterako, iaz, Zinemira- Euskal Zinemaren Panorama izenarekin egun bat eskaini zitzaion euskarazko zinemari, eta ezin ukatu hori aurrerapausoa dela. Dena den, oraindik, badago zer eginik. 

    Hauek dira egiten dizkizugun eskaerak: 

    -Euskarazko emanaldiak sail guztietara zabaltzea. 

    -Bikoizketak ugaritzea. 

    -Film guztiak azpititulatuak izatea. 

    -Festival egunkarian euskara modu orekatuan erabiltzea. 

    -Iragarkiak, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak argitaratzen dituenak barne, %50, behintzat, euskaraz izatea. 

    -Ahozko erabilera, agurrak egitera mugatu ordez, eta bi hitzetan gelditu ordez, euskaraz modu normalizatuan egitea. 

    -Solasaldietan eta aurkezpenetan euskara normaltasunez erabiltzea. 

    -Sari banaketako emanaldiak euskaraz egitea. 

    -Interneten ere euskarari dagokion garrantzia ematea. 

    Ez dakit jakingo duzun, baina, urtero Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak Zinemaldiaren hizkuntza erabileraren neurketa egiten du.Txosten horretatik ateratako ondorioak dira hemen aipatzen direnak. 

    Neurri horiek hartuz gero, euskaldunon eskubideak betetzetik hurbilago geundeke, eta zu ere zuzendariago izango zinateke. Ez al zaizu iruditzen? 

    Zinemaldiaren ondoren, ohiko zinemara ere jo behar dugu; izan ere, hor ere gabezia handiak daude, eta bada garaia mundu hori normaltzen joateko. Baina, gai hori beste baterako utziko dugu. Hemen, Zinemaldiari lotuko gatzaizkio. Ea 58. ekitaldi honen begirada probokatzaileak txunditzen gaituen eta maitemindurik gelditzen garen.